OPA Herri Plataformak, Osasun Publikoaren aldeko plataformen koordinakundeak, Euskal Osasun Sistema Publikoak urteetan zehar jasaten ari den «narriadura» salatu zuen, atzo, Tolosako Triangulo plazan egin zuten prentsaurrekoan. «Hondatze» honen irtenbidea, zainketa-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzetik abiatzen dela adierazi dute, «bizitzako etapa guztiak eta irisgarritasun unibertsala bermatuko dituena».
Osakidetzaren egungo egoera arduradun politikoek aspaldian egindako plangintza eta kudeaketa politiko «arduragabe eta negatiboaren» emaitza besterik ez dela diote. «Kudeaketa trakets hori salatzen duen herri-aldarria baretu nahian Eusko Jaurlaritzak iragarri duen osasun-gastuaren igoera, funtsean ekipamendu berriak eraikitzea eta ekipo ultrasofistikatuak erostea baino ez da». Erabaki honen aurrean esan dute Eusko Jaurlaritzak berriro enpresa batzuen alde egin duela, «lehen mailako arretaren eguneroko gabezia oinarrizkoenak konpondu beharrean».
Horrez gain, osasun publikoak jasandako murrizketa-politikek «espezialista batengana iristeko itxaron-zerrendak izugarri handitu izana edota ebakuntza kirurgiko bat egiteko epeak luzatu izana» eragin dutela gaineratu dute. «Ez dugu inondik inora onartuko zerrenda horien murriztea zerbitzu horien pribatizazioaren kontura, pribatizatzeko edozein trikimailu erabiltzen badute ere, izan pazienteak klinika pribatuetara desbideratuz, Asunzion bezalako zentroekin hitzarmenak sinatuz, peonadekin edo zerbitzuak azpikontratatuz. Osasuna ez da merkatu-ondasun bat, eskubide unibertsala da!».
Hortaz, Gobernuaren azken estrategia salatu dute, «mutualitateen bitartez bi osasun-sistema ezberdindu sortzeko asmoz. Bata, biztanleria aktiboarentzat, hau da, soldatapeko langileentzat soilik, eta, bestea, deskapitalizatua, hainerako herritarrentzat».
Honen aurrean «behar-beharrezkoa» ikusten dute eredu demokratikoago baterako aldaketa eta lehen arreta sendotzea, «huraxe baita osasun-asistentziako sistemaren giltzarri». Horregatik, orain arte egin diren pribatizazio guztiak geldiaraztea eta lehengoko egoerara ekartzea, 15/97 Legea baliogabetzea eta herritarren hizkuntza-eskubideak osasun publikoan erabat bermatzea exijitu dute. Halaber, bateraezintasun medikoa berreskuratzea eta indartzea eta baliabide publikoak hobeto aprobetxatzea aldarrikatu dituzte.
Proposatzen duten osasungintza-eredu berri horren sorrera aldarrikatzeko, OPA Herri Plataforma koordinakundeak eta manifestu honekin bat egiten duten gizarte eragile guztiek dei egin die herritarrei larunbatean izango diren mobilizazioekin bat egin dezaten; goizean Bilbon eta Gasteizen izango dira, 12:00etan, eta arratsaldean, berriz, Donostian, 17:00etan irtengo dira Boulevard-etik.