«Bukaeraraino borrokatuko dugu maila mantentzeko»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 13a, 16:59

Redline Mekanika TAKE taldeak EBA ligako mailari eustea zaila duen arren, duten dena emango dutela esan du Goar Artetxe entrenatzaileak.

Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeak zeregin zaila du EBA ligatik jaitsi nahi ez badu. Aurreko denboraldian igoera lortu ondoren, denboraldi honetan beheko postuetan egon da. Lau partidaren faltan, azken laugarren dago taldea, sei garaipenekin, eta azken lau taldeak jaitsi egiten dira. Aurretik du Gipuzkoa Basket Easo, bederatzi garaipenekin. Beraiekin gutxienez berdindu egin behar dute mailari eusteko.

Goar Artetxe entrenatzaileak azaldu duenez, «aukera gutxi ditugu, baina dugun guztia emango dugu saiakeran». Hamalau talde daude bere multzoan eta horietatik lau jaistea proportzioan asko dela dio Artetxek. «Batez ere gu bezalako talde batentzako, igo berriak garenak, atzean lau talde utzi behar dituzulako». Matematikoki aukerak dituztela dio, baina urriak direla.

Gipuzkoa Basket Easorekin berdintzea dute helburu. Hain justu, talde horren aurka jokatuko dute azken jardunaldia, etxean. «Datozen hiru partidetan beraiek baino bi partida gehiago irabazi behar ditugu. Hori da erronka, azken partidan beraien aurka jaitsiera jokatzeko», esan du Artetxek. Lehen itzulian Donostian beraiei irabazi zieten, beraz, aurretik geratuko lirateke berdinketa izaten bada.

Entrenatzaileak argi du erronka zaila izan arren, ez dutela etsiko: «Azken momentura arte borrokatuko dugu. Hori jokalariek argi dute, klubean oso argi dugu, eta nahiz eta hemendik bi astetara aukerarik ez izan, hurrengo partidara irabazteko helburuarekin joango gara. Ligako azken segundora arte lehiatuko dugu».

Hain justu, garrantzitsua da azken lau postuetan geratu arren, azken laugarren postu horri eustea behintzat. «Igoera fasea jokatuko dute gure multzoko lehenengoek, eta norbaitek igoera lortzen badu, talde bat gutxiago jaitsiko litzateke», zehaztu du Artetxek.

Erronka honen lehen partida larunbatean izango dute, Usabal kiroldegian, 18:00etan hasita. Getxo izango dute aurkari eta Artetxek zaleen berotasuna eskatu du lehen final horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!