Julene Illarramendi lasartearraren ama 2020an hil zen. Hamar urte lehenago, bularreko minbizia atzeman zioten eta metastasi baten ondorioz hil zen gero. Prozesu luzea izan zen, baina bidea erabat bukatu gabe geratu zenaren sentsazioarekin geratu zen, eta Instagram sare sozialean bidelagun bat bilatzea erabaki zuen, bere amak bukatu gabe utzitako bide horri jarraipena emateko. Miren Cuerdo herrikidearekin egin zuen topo, eta beranduago Iñurri minbiziaren aurkako elkartea sortu zuten.
Tatuaje batean dago izenaren jatorria. Juleneren amak inurri batzuk zituen tatuatuta hankan. Bere bi alabek ere, ama tratamenduan zegoenean, inurriak tatuatu zituzten. Hasieran, bakarrik ez sentitzeko konpainia egitea zen Izan iñurri proiektuaren helburua, sare bat osatzea. Gero, Ane Labakaren laguntzaz, proiektua ezagutzera eramateko Donostiako Doka aretoan emanaldi bat egitea bururatu zitzaien. Bi kapritxo zituzten: bertso saioa egitea eta musikatua izatea. Labakak, orduan, Amaia Agirrerekin hitz egin zuen, gai-jartzaile izatea proposatzeko.
2022ko urtarrilaren 31n izan zen bertso saioa, eta berez, ez zuten gehiago egiteko asmorik. Agirrek berak ere bazuen buruan Aspanogi elkartearekin antzeko zerbait egitea. «Baina batzuetan bizitzak sorpresak ematen dizkizu, eta hau haietako bat izan zen», adierazi du. «Saioa amaitu zenean, horrelako saioak egiten jarraitu nahi zuten galdetu nien, eta segituan jaso nuen baiezkoa. Jateko gogoa eta gosea elkartu ziren orduan», gaineratu du.
Horrela sortu zen Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa, eta zenbait emanaldiren ondoren, Tolosako Topic aretoan egingo dute larunbatean, 19:00etan hasita. Oihana Iguaran, Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, eta Agirre gai-jartzaile. Musikariak, berriz, Gari Otamendi eta Ixak Arruti izango dira.
Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik, elkarrekin bide bat egitea da saio hauen helburua. «Errealitate bat ikustarazteko balio dute. Asko dira batu eta saretu direnak, eta Inurri elkarteari oihartzun handia eman dio proiektuak. Erakutsi nahi dugu minbizia ez dela bakarrik tratamenduan ilea galduta dagoen emakume edo gizonezko bat. Gorputz guztiko ilearen galerak suposatzen duen guztia izan behar da kontuan, baita bularra galtzea eta bere ondorioak ere. Dena da zauri, dena erremin. Orbain fisikoak baino, sekuela fisikoak uzten dizkizu minbiziak, eta hormonalki tratamenduak oso gogorrak dira. Albo-kalteak ere izugarriak dira».
Agirreren ustez beharrezkoa da estereotipo, arau fisiko edota aurreiritziak deseraikitzea. «Horietan ez erortzeko laguntza psikologikoa emateaz gain, aukera desberdinak eskaintzen ditu Iñurrik. Gero bakoitzak nahi duena egin dezake, baina alor psikologikoa bezain garrantzitsua da alor fisikoa, eta askotan ez da hitz egiten horri buruz».
Besteen azalean
Bertso saioetako sarrerako testu askotan ondorengoa esaten du Agirrek: «Zaintzailea nork zaintzen du?». Hori beste tabu bat dela dio. «Badirudi zaintzailea ezin dela kexatu, ezin duela zaurgarri izan», gaineratu du. Iñurri elkartean bada bikote bat, biek dute minbizia eta haietako batek honakoa dio: «Nahiago dut minbizia eduki, zaintzailea izan baino». Agirreri oso gogorra egin zitzaion hori entzutea. «Badakit zer den zaintzailea izatea, baina minbizia edukitzea ez». Horregatik, «garbi» zuen ezin zuela emanaldiaren batuta hartu. «Zubi lanak egingo nituela esan nien, testigantzak besteen ahotik entzunez».
Saioko gai guztiek izango dute minbizia oinarrian, edo minbizia izan duen pertsona baten esperientzia. «Ikaragarria izaten da beraien ahotik testigantzak entzutea». Bertsotan, berriz, puntako lau emakume ariko dira. «Oso ondo ezagutzen dute elkar, askotan kantatu izan dutelako elkarrekin. Gainera, ez da izango saio mota honetan kantatuko duten lehen aldia; beraz, badakite zer den». Topic-en, gainera, kamerak ere izango dira, dokumental bat grabatzen ari direlako.
Tolosako saiorako gonbidapenak doakoak dira, eta gutxi geratzen dira eskuragarri; Entra-das.cittolosa.com webgunean eskuratu daitezke. Topic-en bertan, Inurriko produktuak erosteko aukera egongo da, baita borondatea uztekoa ere. Kutxa bat jarriko dute ekarpenak egiteko. Agirrek hitz batean deskribatu beharko balu proiektua, terapia litzateke. «Bihotzez egiten den zerbait da, erritu moduko bat».
Derrigortuta, baina aske
Bestelako formatu bat izan arren, bertso saio musikatuetan bertsotan berdin egin behar izaten dela azaldu du Agirrek. «Aldi berean, derrigortasuna eta askatasuna uztartzen ditu. Batetik, doinuak aurrez adostuta egoten direlako, eta beraz, melodia eta tonu jakin batean aritzea derrigortuta zaude. Bestetik, doinuak berak askatasuna ematen digu bertsolariei gauza harrigarriak egiteko. Nire ustez, oso bertsozalea ez den entzulea ere erakartzen dute. Musikak beste tempo bat ematen dio eta beste modu batera sartzen da belarritik».