IX. Lanbide Heziketa Azoka 2024

«Praktikotasuna da gehien gustatzen zaidana»

Ataria 2024ko mar. 13a, 11:00

Marian Preda (Galati, Errumania, 1995) 2007an iritsi zen Euskal Herrira. Egun Villabonan bizi da eta Goi mailako Automatizazio eta Robotika Industrialeko lehenengo maila ari da ikasten Tolosaldea LHIIn.

Zer ari zara ikasten?

DBH Zubimusu ikastolan ikasi nuen eta Tolosaldean erdi mailako Instalazio Elektriko eta Automatikoak izeneko Elektrikari zikloa. Orain goi mailako Automatizazio eta Robotika Industrialeko lehenengo mailan nago.

Erdi mailako ziklotik zatoz beraz, enpresaren batean praktikak egiteko aukera izango zenuen.

Bai, Indarbi elektrizitate enpresan egin nituen praktikak, etxetik gertu, Zizurkilen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta praktikak amaitu ondoren, udaran, beraiekin lanean egon nintzen.

Eta zer esan zuten enpresan, ikasten jarraituko zenuela esan zenienean?

Ikasten jarraitzeko animoak eman zizkidaten eta etorkizunean elkarrekin lan egiteko atea zabalik utzi zidaten.

Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek?

Elektrizitate arloan beti egon da lan asko eta oraindik ere badagoela uste dut. Erdi mailako zikloa asko gustatu zitzaidan, eta familia berdineko ikasketekin jarraitu nahi nuen.

Zein lan aukera izango dituzu?

Elektrikari lanak egin ahalko ditut, bai industria mailan eta baita etxebizitzetan eta eraikuntzak eraikitzeko garaian ere. Domotikako teknikari bezala aritzeko aukera ere izango dut eta industrian, automatizazio eta robotika muntatzaile eta mantentze lanak egin ahalko ditut ikasteka hauei esker.

Ikasketetatik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Ikasketek duten praktikotasuna da gehien gustatzen zaidana. Ikasten dugun erronka eta proiektuetan beti dago zati teorikoa, baina alderdi praktikoa da nagusi, eta horrela teoria eta praktikaren arteko erlazio zuzena dagoela ikasten dugu. Irakasle eta, batez ere, tutoreekin oso harreman ona eta estua izan dut eta, gainera, etxetik oso gertu nago.

Ikasteko metodologia aldatu da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin alderatuz gero?

Bai, taldean egiten dugu lan eta batzuetan erraza ez den arren, horretan ere ikasi dugu eta pozik gaude.

Datorren ikasturtean bigarren maila egingo duzu eta enpresa eta ikastetxearen arteko prestakuntza uztartzen dituen formazio Duala egin ahal izango duzu. Zer asmo duzu?

Datorren urtean praktikak atzerrian egiteko asmoa dut Erasmus+ proiektuari esker, baina oraindik urruti ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!