IX. Lanbide Heziketa Azoka 2024

«Sukaldari ona izateko ezagutzak eskuratu nahi ditut»

Ataria 2024ko mar. 13a, 15:00

Duela lau urte iritsi zen Dmytro Serediuken (Ukraina, 2006) familia Ibarrara. Adinagatik DBHko bigarren maila egitea zegokion. Uzturpe Ikastolan eskolatu zen eta bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egin zituen bertan, eta euskara ere ikasiz joan zen. Egun, Peñascal kooperatiban ari da ikasten.

Zergatik aukeratu zenuen Peñascal kooperatiba zure formaziorako?

Oinarrizko maila egin behar nuen, eta inguruan dugun eskaintza kontuan hartuta, Peñascal aukeratu zuen. Bertan dituzten bi berezitasunetatik ostalaritza aukeratu zuen, izan ere, txikitatik gustatu izan zait jendea sukaldean jakiak prestatzen ikustea, eta ahal nuen guztietan laguntzen ere aritzen nintzen.

Eta, zer moduz bertan?

Lehenengo mailan hasi nintzen, eta hasieran hizkuntzarekin pixka bat kostatu zitzaidan, izan ere, hemen neramatzan hiru urteetan euskaraz ikasi nuen ikastolan, eta Peñascalen eskolak gaztelaniaz ematen ziren. Dena den, irakasleak euskaldunak dira, eta bi hizkuntzetan egiten zuten.

Teoria nahiz praktika uztartu dituzu, ezta?

Lehenengo urtean, teoria zein praktika jorratu nituen, Peñascalek Usabalen duen egoitzan landu genuen. Baina, Leaburuko Ostatuan ere aritu ginen, eta han konturatu nintzen benetako bezeroekin lan egitea zer den. Harraska, lehenengo platerak, bigarren platerak, postreak, aretoa eta barra jorratu genituen Leaburuko Ostatuan.

Une honetan zein ikasturtetan ari zara?

Bigarren mailan nago, eta gehien gustatzen zaidana sukaldaritza da, batez ere lehenengo platerak prestatzea. Goizeko lehen bi orduak Usabalen ematen ditut, teoria lantzen, eta ondoren, Leaburuko Ostatura joaten naiz egunero, eguneko menua prestatzera. Gainera apiril hasieran praktikak egitera joango naiz, eta horiek amaitu bezain laster nire asmoa da udan lanean hastea. Datorren ikasturtean sukaldaritzako erdi-mailako prestakuntza-ziklo batera pasa nahiko nuke, eta ikasten ari naizen bitartean, asteburuetan lan egin nahiko nuke.

Bestelako ekitaldietan parte hartzeko aukera ere izan duzu.

Peñascalek gastronomiarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartzen du Tolosaldean (Tolosa Goxua, Mikologia Azoka, Zutani azoka, Txuletaren eguna...) Boluntario moduan aurkeztu dut beti nere burua horietara joateko, bai prestaketan bai eta zerbitzuan ere. Horrela, praktikatzen joan naiteke, sukaldari ona izateko beharrezko ezagutzak eskuratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!