Lanketa pertsonal eta kolektiboa, Tolosako Jabetze Eskolaren udaberriko egitarauan

Ataria 2024ko mar. 12a, 17:49

Berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, askotariko 19 jarduera izango dira; martxoaren 19an zabalduko da izena emateko epea.

Tolosako Jabetze Eskolak 19 saio antolatu ditu udaberrirako, errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertu eta, hausnarketaren, eztabaidaren eta formazioaren bidez, emakumeen ahalduntzean eta parte hartze soziopolitikoan sakontzen jarraitzeko.

Belaunaldien eta kulturen arteko topagunea da Jabetze Eskola, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituzten jarduerak eskaintzen ditu: ikastaroak, tailerrak, irakurle klubak, solasaldiak… Ziklo berria apirilaren 8an hasiko da, eta ekainaren 7ra arte iraungo du. Sormena, identitatearen subjektibotasuna, autozainketa eta osasuna, komunikazioa, edota aldarrikapen feminista izango dituzte hizpide saioek.

Urtetik urtera eskaera handia duten jarduerei jarraipena emango zaie, hala nola, Nuestras emociones pintadas pintura tailerrari, Batukada Feminista taldeari, munduko emakumeen edo euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldeei eta sormenezko argazkigintza eta xilografia tailerrei. 

Guretzako: elkartasuna eta elkartrukea

Ohi bezala, askotariko jatorrietako emakumeentzako topaleku izaten den Guretzako gunea ere izango da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean antolatuta. Kulturartekotasuna bultzatzeko ildoari dagokionez, lau ekintza antolatu dituzte: Lectura fácil, Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad eta Yo también tengo estudios, ¿cómo homologarlos? saioak eta kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra. 

Gizonak eta feminismoa bateratzen dituen lantegia

Udaberriko egitarauaren barruan, halaber, Tolosako Gizon taldearekin elkarlanean antolatutako lantegia ere eskainiko da, ¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo? izenpean. Lantegi hori gizonek feminismoarekiko duten zereginaren inguruan dauden erronketan sakontzeko eta aliatua izatea zer den eta zer ordezkagarritasun-mota izan beharko luketen hausnartzeko gune bat izango da.

Izen ematea, martxoaren 18tik aurrera

Matrikulazioa martxoaren 18an, astelehenez, zabalduko da. Bi modura egin ahal izango da: esteka honetan edo Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Ekintza bakoitzaren data baino bi egun lehenagora arte izango da izena emateko aukera. Online izapideak egiteko zailtasunak izanez gero, informazioa edota laguntza eskatzeko 688 86 90 23  telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.

Udaberriko egitaraua

Jabetze eskola:

  • Emakumeak mugimenduan ikastaroa.
  • Comunicación igualitaria y espacios saludables para mujeres tailerra.
  • Batukada feminista ikastaroa.
  • Xilografía tailerra (linolio gainean): Sormena eta aldarrikapenak plazara! tailerra.
  • Grupo de literatura de mujeres del mundo irakurle kluba.
  • Sormenezko argazkigintza ikupegi feministatik ikastaroa.
  • Gatazkak aukera gisa kudeatzea ikastaroa.
  • Nuestras emociones pintadas tailerra.
  • Meditazioa, garapen pertsonala eta elkarlaguntza ikastaroa.
  • Iniciación al bricolaje tailerra.
  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea irakurle kluba.
  • Bizikletan ibiltzearen plazerra eta aukerak handitzea ikastaroa 
  • Ilustrazioa ikuspegi feministatik tailerra 
  • ¿Qué y cómo podemos aportar los hombres al feminismo? tailer irekia
  • Amatasunak, eez amatasunak eta ahaidetasun feministak solasaldia 

Ekintza horietako gehiengoak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean izango dira; beste batzuk, aldiz, kultur etxean edota Amarotz Auzo Elkartean. 

Guretzako gunea:

  • Lectura fácil ikastaroa.
  • Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad hitzaldia.
  • Yo también tengo estudios. ¿Cómo homologarlos? hitzaldia.
  • Kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra.

Ekintza guztiak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean izango dira. 

Egitarua osorik hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!