Tolosako 65 urtetik gorako pertsonen kalteberatasun prozesuak ikertuko ditu Adinbera proiektuak

Ataria 2024ko mar. 12a, 17:00

Adinekoen bizi-kalitatea ulertzeko eta hobetzeko ikuspegi integrala eskaintzea du helburu proiektuak. Datorren asteartean, martxoak 19, saio irekia egingo dute, 12:00etan, kultur etxean, herritarrei proiektuaren berri emateko eta xehetasunak azaltzeko.

Bigarren urtez jarraian Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuak (Biogipuzkoa OII, lehen Biodonostia OII) Adinbera proiektua burutuko du Tolosan, 65 urtetik gorako pertsonen kalteberatasuna aztertu eta horri aurre egiteko bideak jorratzeko. Tolosako Muñoa Fundazioak finantzatu du proiektua eta Tolosaldea ESIaren eta Tolosako Udalaren laguntza du. 

Hiru fasetan banatzen da Adinbera proiektua. Lehenik eta behin, azterketa-fasea burutzen da. Fase honetan, elkarrizketak egiten dira parte hartzaileen egunerokotasuna ezagutzeko eta haien bizimoduari buruzko informazioa biltzeko, hala nola, elikadura, gaitasun fisikoa, lo-orduak, gaitzak... Elkarrizketek, halaber, pertsona horien parte hartze soziala, historia pertsonala eta laguntza-sarea ezagutzeko ere balio dute. Horrekin batera, eguneroko jardueren jarraipena egiteko jarduera-eskumuturrekoa jartzeko proposamena luzatzen zaie, jarduera fisikoari buruzko informazioa eta lo-datuak biltzeko. Hain zuzen, ikerketa gauzatu ahal izateko parte hartuko luketen 65 urtetik gorako pertsonen bila dabil orain ikerketa-taldea.

Bigarren fasean, jarduera-eskumuturrekoak kendu eta parte hartzaileen lagin biologikoak jasotzen dira. Hirugarren eta azken fasea, berriz, jarraipen-fasea deritzona da. Bertan, parte hartzaileek jarraipen-bisita bat jasotzen dute Adinberan parte hartzen hasi eta urtebeteko epean.

Adinbera proiektuaren bidez, adinekoen kalteberatasuna baldintzatzen duten eredu nagusiak zehaztu nahi dituzte, modu horretara faktore aldagarriak identifikatu ahal izateko eta faktore horiek aldatu eta adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten esku-hartze egokirako leihoak zehaztu ahal izateko.

Proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa da 65 urtetik gorako pertsonen parte hartzea. Hori dela eta, Tolosako Udalak adin tarte horretako herritarrei dei egiten die egitasmoan inplikatu eta parte har dezaten. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete jada Adinbera webgunean edota posta elektronikoz, adinbera@bio-gipuzkoa.eus helbidera idatziz.

Egitasmo hau Tolosan egiten den bigarren urtea bada ere, datorren asteartean, martxoak 19, informazio saio irekia egingo dute ikerketa-prozesuari eta proiektuaren helburuei buruzko xehetasunak azaltzeko eta interesa duten herritarren galderei erantzuteko. Saioa 12:00etan izango da kultur etxean, eta gutxi gorabehera ordubeteko iraupena izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!