Tolosako Irisgarritasun Plana eguneratzeko bigarren saio irekia, martxoaren 20an

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 12a, 12:16

17:00etan egingo da udaletxeko batzar aretoan eta interesa duen edota proposamenak dituen herritar eta eragile oro joan daiteke.

Urtarrilean ekin zion Tolosako Udalak herriko Irisgarritasun Plana berrikusi eta eguneratzeko prozesuari. Orain indarrean dagoen dokumentua duela 20 urte sortu zen eta hori egungo zein etorkizuneko errealitate eta beharretara egokitu nahi du udalak. 

Horretarako herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun-maila ebaluatu eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak identifikatzen eta lehenesten ari da, herritarren eta eragileen parte hartzearekin. Urtarrilaren 10ean lehen informazio bileraren ondotik, bigarren saio irekia deitu du datorren asteazkenerako, martxoak 20. 

Prozesuaren inguruko informazio guztia jada mahai gainean jarrita, bigarren saioan, diagnosiaren inguruko azalpenak emango dira, eta herritarren eta eragileen proposamenak jasoko dira. Saio irekia da, eta iritzi eta ideiak partekatu nahi dituen herritar edota eragile oro dago parte hartzera gonbidatuta. Bilera, esan bezala, datorren asteazkenean izango da, martxoak 20, 17:00etan udaletxeko pleno aretoan. 

Aurrerago hirugarren saio bat ere egingo dute, jaso eta idatzitakoaren inguruko azalpenak emateko. Data aurrerago jakinaraziko da. 

Irisgarritasun Planaren berrikuspen eta eguneraketa lau esparrutan oinarrituta dago: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak. Prozesuaren inguruko informazio guztia eskura dago esteka honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!