Chabba Seini Tolosan izan da

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 11a, 16:50

Udaletxean harrera instituzionala egin ondoren, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea bisitatu du Saharar Emakumeen Batasun Nazionaleko idazkari nagusiak.

Chaba Seini, Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko (UNMS) idazkari nagusia Euskal Herrian da egunotan, Emakumeen Etxeei lotutako proiektuak bertatik bertara ezagutzen. Gaur Tolosan egin du geldialdia. Udaletxean harrera instituzionala egin diote eskualdeko udal ordezkariek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko, Asanblada Feministako eta Tolosako Berdintasun Saileko kideek. Ondoren, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea bisitatu dute elkarrekin. Bertan, zapi bat oparitu die Seinik, Andragoran jartzeko, eta asanbladako kideek beste bat eman diote bueltan. Urte osoan zehar, sahararren borrokari ikusgarritasuna emateko eskualdean antolatzen diren egitasmo gehiagoren berri ere izan du idazkariak. 

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea ezagutzeko interes berezia erakutsi du Seinik. «Gisa honetako espazioak beharrezkoak dira antolaketa sozialerako. Gure kasuan, emakumeak ahalduntzeko UNMSen egin den lanari esker, kargu garrantzitsuak dituzten emakumeak ditugu gaur egun, alor eta maila guztietan», azaldu du.

Ildo beretik hitz egin du Goiuri Eceiza berdintasun zinegotziak: «Guretzat ohorea da Chabba Tolosan izatea. Emakumeek antolatzen dute Mendebaldeko Sahararen erresistentzia. Han, hemen bezala, mendekotasun posizio batean jartzen die emakume izateak, baita testuinguru politikoak ere. Eta hori gainditzeko saretzea ezinbestekoa da».

Malen Vilches Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kidea ere Tolosan izan da. Egindako harrerarekin «oso hunkituta» zegoela aitortu du. «Emakumeen etxeekin ahizpatasuna lantzea da bisitaren asmoetako bat, emakume saharar eta euskaldunen arteko esperientziak partekatzeko eta elkarri laguntzeko. Sare bat ehundu nahi dugu, ahalik eta emakume gehien horren parte izan daitezen». Bai berak, baita Seinik ere, saharar emakume guztien izenean, eskerrak eman dizkiete tolosarrei, «egindako harrera beroagatik».

1974. urtean sortu zen Saharako Emakumeen Batasun Nazionala, eta harrezkero harreman estua izan du Euskal Herriko hainbat erakunderekin. Besteak beste, Emakumeen Etxeak sortzeko prozesua partekatu zuten EAEn eta Saharan, eta udalek eta gizarte zibileko eragileek osatutako sare misto bat ere bada. Pandemiak, ordea, harremanak lausotu zituen, eta bisita instituzional honen bitartez lotura hori berreskuratzeko edota indartzeko bidea zabaldu nahi izan dute UNMSek eta Euskal Fondoak.

Dokumentala eta hitzaldia, etzi, Andragoran

Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak, Andragorak eta Euskal Foroak antolatuta, Insumisas, Mujeres en lucha en Sahara Occidental dokumentala proiektatuko dute, asteazkenean (martxoak 13), Tolosaldeko Emakumeen Etxean. 19:00etan hasita. Giza eskubideen defendatzaileen lana dokumentatzen du ikus-entzunezkoak, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan emakumeek jasandako indarkeriak erregistratzeko eta salatzeko. Ondoren, hitzaldia egingo dute Ana Sanzek, Fati Jatrik eta Itsaso Anduezak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!