Babestutako edukia

«Elkarlan handia dago irakasle-ikasleen artean; oso aberasgarria da»

Mondragon Unibertsitatea 2024ko mar. 18a, 07:58
Asier Lezea tolosarra. ATARIA

Asier Lezea Urkola 26 urteko tolosarra da. Aurretik Kiroletako goi mailako zikloa eta Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ikasi ditu, eta orain, Haur Hezkuntza gradua ikasten ari da. Kirola egitea, bereziki futbola,  eta bidaiatzea ditu gustuko.  

Haur Hezkuntzako  graduko 4. mailan zaude, zergatik gradu hau eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?
Gradu hau aukeratu nuen goi mailako zikloa bukatu nuenean. Erabaki nahiko azkarra eta segurua izan zen, nire ikasketa ibilbidearekin jarraitzeko asmoa nuelako. Horregatik Mondragon Unibertsitatea aukeratu nuen, nire ibilbidean formatzen jarraitzeko helburua neukalako. Haur Hezkuntza egitea garbi neukan eta Mondragon Unibertsitateak eskaintzen zuena asko gustatu zitzaidan metodologiari dagokionez, horregatik, erronka berri bati ateak zabaltzea erabaki nuen.

Nolakoa izan da orain arte bizitako esperientzia? 
Mondragon Unibertsitateak errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera eman digu, eta irakasle profil hori garatzen laguntzeko esperientziak bizi ditugu. Lau urte hauetan, gauza asko ikasi ditut, baina batez ere, gizarteak jartzen eta jarriko dizkigun erronkei erantzuteko baliabideak ezagutu ditugu. Irakaslearen lanbideak etengabeko formakuntza eskatzen du, beraz, egoera berriei erantzuteko prest egon behar dugu. Horregatik, prozesuan zehar esperientzia desberdinek gure irakasle profil hori garatzen lagundu digute.   

Zein metodologia erabiltzen duzue? 
Moduluka egiten dugu lan. Ikasleak erdigunea gara eta teoria eta praktika uztartzeko aukera daukagu. Ekintzak, errealitatera ekarriz, ikaskuntza-irakaskuntza prozesu bat ematen da, non autonomia lantzeaz gain talde lanari ere garrantzia handia ematen zaion. Etorkizuneko irakasleak heztea da helburua, beraz testuinguru desberdinetan aurkituko ditugun egoerei erantzuteko baliabideak eskaintzen dira. Praktikari garrantzia handia ematen zaio, azken finean, bizipenak direlako momentu jakin batean gure esku-hartzea modu batera edo bestera egitea erabakiko dutenak.    

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Lan egiteko modua. Oso giro aberatsa dagoela sentitzen dut. Elkarlan handia dago irakasle-ikasleen artean, eta hori oso aberasgarria da prozesuan zehar. Etorkizuneko lanbidean jartzen da fokua eta bertara iristeko bidea egitea da helburua. Gainera, metodologiari dagokionez, ez zaio garrantzia ematen azken emaitzari edo produktuari, prozesuari baizik. Bizitzan bezala, bakoitzak bere errealitatea bizi du eta denak desberdinak gara, horregatik, unibertsitatean ere bakoitzak daukan hori eskaintzeko aukera du, errespetatuz eta inoiz ez epaitua sentituz. Pentsatzen duzuna lasai esateko aukera dago, eta guztion artean begirada desberdinak onartzen direla goraipatuko nuke, guztiei lekua eginez.  

Etorkizunari begira zer asmo daukazu? 
Lan mundura begira jarri nahi dut hasiera batean. Egindako ibilbidea kontuan izanda, hezkuntzarekin lotura duen lanbide bat lortu nahi dut. Etortzen diren aukerei ateak itxi gabe, baina bitartean formatzen jarraituz. Helburua, nire irakasle profila garatzen joatea da, ahal izanez gero eskola batean irakasle moduan. Baina garbi daukat egoerak eta aukerak ez badira ematen, jarraitu egingo dudala ikasten, nire helburuak lortu arte.    

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!