Hamabi domina Gipuzkoako infantil eta kadete txapelketetan

Ataria 2024ko mar. 8a, 18:42

Judo Klub Tolosako kadete mailakoen talde argazkia.

Asteburuan izan ziren txapelketak, eta bertan Judo Klub Tolosako infantil mailako zazpi judokek eta kadete mailako 11 judokek parte hartu zuten.

Infantil mailakoek hiru lehiaketa puntuagarri egin dituzte, eta hirugarrenean dominen banaketa izan zen. Klubeko hiru judokek lortu zituzten beharrezko puntuak podiumera igotzeko. Marla Belaunzaranek zilarrezko domina lortu zuen, eta Xabat Zabalegik eta Asier Luquek brontzezkoa. Horrez gain, Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute. Bestalde, Xabat Olarra, Aitor Labayen, Ibai Galan eta Haritz Sarasola judokek, ez badute ere domina izateko nahiko puntu lortu, jardunaldiz jardunaldi bere garapena erakutsi dutela azaldu dute klubetik.

2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek jardunaldi bakarrean zuten jokoan domina. Lehen eta azken urteko kadeteen artean alde handia izanik, 2009an jaiotakoek esperientzia irabazteko beste entrenamendu bat bezala hartu zuten. Hori ez zen aitzakia izan ez saiatzeko. Eta horrela lortu zuten: Mara Olanok urrea lortu zuen, Enara Leundak, Alex Etxartek, Amin Lhitik eta Unai Arcelusek brontzezkoa, eta Pau Lopezek zazpigarren postua. Dena eman zuten, eta ausardiaz eta jarrera garaitzailearekin lehiakorrak izan ziren kategoria berrian. Eskarmentu gehiagorekin, beteranoenek bere judoa garatu ahal izan zuten. Inhar Leundak urrezko domina lortu zuen, Ion  Mateok zilarrezkoa, Koldo Arrietak eta Haritz Urkiolak brontzezkoa, eta Odei Gonzalezek bosgarren postua. Klubetik Inhar Leundaren parte hartzea nabarmendu dute, urrezko domina bere borrokak modu sendoan irabazi zituelako, eta baita Odei Gonzalezena ere, azkenean domina irabazi ez bazuen ere, gutxienez brontzezkoa merezi zuelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!