Tolosako Udalbatzak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Bestalde, udalak dei egin die herritarrei aktiboki parte har dezaten Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta martxoaren 8rako Tolosako Berdintasuna Sailak eta Mugimendu Feministak antolatutako jarduera eta mobilizazioetan. Batetik, Tolosako Asanblada Feministak deitutako martxoaren 8ko manifestazioa izango da, 19:00etan Trianguloa plazan. Bestetik, Saharako emakumeen erresilientziari buruzko Insumisas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango dira martxoaren 13an, eta Iñurri elkarteak sustatutako bertso-saio musikatua, martxoaren 16an.
Adierazpen instituzionala: Martxoak 8
«Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkoa da aitortzea gure gizarteak zor bat duela historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekin, bai genero-agindu eta genero-estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai Mugimendu Feministaren borroka kolektiboetan.
Sistema patriarkalak ikusezin bihurtu ditu emakumeen ideiak, eta ukatu egin ditu haien aktibismo politiko eta soziala, haien aldarrikapenak isilarazita eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuta. Gainera, sistematikoki ezkutatu izan dira askotariko jatorri eta tradizio kulturaletako emakume, emakume arrazializatu, lesbiana, dibertsitate funtzionala duten emakume eta adineko emakumeek egindako ekarpenak.
Zorionez, Mugimendu Feministak eta emakume-taldeek gidatutako borrokek aldaketak lortu dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta horri esker, gizarteak aurrera egin du berdintasun- eta demokrazia-maila handiagoak lortzeko bidean. Hala ere, mundu osoan eta gure komunitateetan, emakumeek, emakume izateagatik, haien aurkako desberdintasunak eta diskriminazioak jasaten dituzte oraindik.
Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki askotatik gainera. Horregatik, pasa den azaroan, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa ardatz hartuta, Greba Feminista Orokor aitzindaria egin genuen Euskal Herrian. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko, ezinbestekoa da begirada feminista erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan txertatzea. Elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezartzen eta eraikitzen jarraitu behar dugu.
Garrantzia eman behar diegu publikoaren eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, baizik eta lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa. Beraz, egitura estankoak apurtu egin behar ditugu eta sailen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Erakundeetatik, berriz, ahalegin eta konpromiso hori aitortu, eta proposamenak eta aldarrikapenak jaso behar dira, baita topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartu ere.
Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela-eta, erakundeek eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko.
Horregatik guztiagatik, Tolosako Udalak hau erabaki du:
Ikasteko eta ahalduntzeko espazioak antolatzen jarraitzea (emakumeen arteko laguntza, elkartasun eta aliantzako sareen bidez), politikara iristen diren emakumeek boterea baliatzean, izan ditzaten tresna batzuk konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen dizkieten estereotipo eta kalteei aurre egiteko. Era berean, botere-espazioak partekatzea eta lagatzea eragozten duten erresistentzia eta inertziei aurre egiteko, kristalezko sabaiak haustea, eta neurriak hartzea espazio guztietan, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin, emakumeen presentzia bermatzeko.
Berdintasun-planen intersekzionalitatea indartzea gure gizartea osatzen duten eremu guztietan, emakumeek haien aniztasunean duten parte-hartze osoa eta eraginkorra finkatzera iristeko.
Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzukidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileen eta beste batzuen errealitateak ikusaraziz.
Arreta bermatuko duten politika espezifikoak garatzea, bereziki zaurgarritasun handieneko etapetan eta egoeretan.
Aitortzea Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egin eta egiten duen ekarpena eta lana».