bideoklipa

Miruak 'Loratzea' kantua aurkeztu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 7a, 19:58

Pop eztanda sentikor eta dantzagarria biltzen dituen single berri honetan, bidai liluragarri eta eraldatzaile batera gonbidatzen gaituzte tolosarrek.

«Kemen eta sentimenduz beteriko pop leherketa bat bezala» aurkeztu dute Loratzea, Mirua taldearen single berria. «Abesti eder eta itxaropentsu honetan, ziurgabetasunari eta aurre egiteari buruz hitz egiten dugu, egunerokotasunean bizi dugun eraldaketa besarkatzera gonbidatuz, beti iritsiko baita egunsenti berri bakoitzarekin datorren argi berria».

Loratzea «haize bolada fresko eta arin baten antzera» datorrela adierazi dute, jersey club estiloko perkusioak, sintetizadore hipnotikoak, piano leunak eta koru hedakorretan batzen diren ahots zatikatuak nahasten diren ekoizpen landu batean.

Mattin Zeberio taldeko kidea arduratu da abestiaren azal eta irudiez. «Ezin hobeto islatzen dute abestiaren giro inguratzailea, egunsentiaren aurreko minutuak diruditen momentuan azaltzen diren miruen hegaldia irudikatuz».

Abesti berri honetan, euskal musikaren barruan soinu berriak arakatzen dituzte, euskara hutsean idatzitako letrak gaur egungo soinu elementuekin bat eginez. Bere lehenengo bi abestiekin, Arnasten du hemen eta Koloreek, taldeak Gaztea Lehiaketako Harrobia Saria irabazi zuen 2021ean. Mirua izeneko lehen diskoarekin ireki zuten atea bere soinu-unibertsora, eta bere izena eszenan finkatzen jarraitu zuten Tatxersen Goizean Oskorri kantuaren bertsio malenkoniatsuarekin eta Malakiasekin kaleratutako Goiz Hiltzen Dira Ametsak sintetizadorez betetako emo abestiarekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!