Taldearen izaerari eusteko dator 'Ama', Tenporaren laugarren diskoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 7a, 07:58

Hasier Oleaga, Elene Arandia, Juantxo Zeberio, BeƱat Brandiaran eta Itsaso Etxebeste, Tenpora taldeko kideak. Argazkia: ANEANDJOSE.

Musika taldeak Tolosako Leidor aretoan egingo du disko berriaren lehen aurkezpen kontzertua, martxoaren 15ean; formatu handian ariko dira, kolaborazio bereziekin.

Tenporak zazpi kantuz osatutako Ama diskoa argitaratu zuen iaz, urte amaieran; musika taldearen ibilbideko laugarren lana da. Iaz argitaratu bazuten ere, hurrengo astean ekingo diote diskoaren aurkezpen birari, etxean; Leidor aretoan izango da lehen kontzertua, martxoaren 15ean, 20:00etan hasita. Promozio bete-betean eta estreinako saiorako azken prestaketa lanak egiten harrapatu ditugu.

Iaz argitaratu, baina aurten aurkeztu. 2023an, hain justu, 10 urte bete ziren taldekideak elkartzen eta proiektua martxan jartzen hasi zirela, eta aurten beste hainbeste betetzen dira lehen diskoa argitaratu zutela. Urteurren berezia gutxi ez, eta hastapeneko taldekide berdinek jarraitzen dute taldean. Elene Arandia taldeko abeslari tolosarraren iritziz oso garrantzitsua da hori, hezurdura mantentzea alegia. «Bidean egiten ditugun geldialdietan gure lagunez inguratzen gara, eta momentu jakinetan, beste musikari batzuengana jotzen dugu».

Hezurdura ez ezik, izaera mantentzea ere ezinbestekoa dela nabarmendu du Arandiak. «Zer garen, non gauden eta zer entzun eta sortzen dugun adierazteko tresna bat da Tenpora, musikaren bitartez sentitzen duguna kontatzeko modu bat. Horregatik hasi ginen, eta horrela sortzen ditugu diskoak. Horri eusten diogun heinean, Tenporak bizirik jarraituko du». Iraolanekoa kantuan dioten bezala, «irauten dugu, ez gara amil».

Azken lanean ere izaerari eutsi diote, edo horretan saiatu dira behintzat. «Disko betea da, indartsua. Entzuleak Tenporaren sonoritatea topatuko du, baina, beti bezala, beste tinbre eta egitura batzuk ere entzun daitezke». Momentuz feedback ona jaso dutela aitortu du tolosarrak. «Duela gutxi argitaratu badugu ere, entzuleek begi onez ikusi dute diskoa. Akaso, ez da lehen entzunaldian soilik entzutekoa, pixkana dastatzekoa baizik. Guri ere gertatu zaigu, diskoko kantuak grabatu ondoren, horiek askotan entzutea, xehetasun txikienez ere konturatzera heltzeraino».

Kolaborazio bereziekin osatu dute diskoa. Harizko laukotearen, harparen eta haizezko nahiz perkusiozko instrumentuen ekarpena izan dute lan honetan. «Orkestralizatu egin da taldea, horretarako gaitasuna duelako. Pertsonalitate handiko instrumentuak dira eta interesgarriak dira beraien ekarpenak, beste gorputz bat ematen die abestiei», nabarmendu du.

Arandiak dio taldeak eraberritzen jakin duela, eta horregatik, doinuekin jolas egiten dutela. «Diskoko kantuak bizirik daude eta horietako bakoitzean denetarako momentuak daude. Polita da askotariko tinbre eta egiturekin egiten dugun jolasa; gure kantuak beste eremu batzuetara eramaten ditugu, horretarako aukera ematen dutelako. Ama lan berriaren kasuan, nabarmentzekoa da ekoizpenean Aitor Etxebarriak egindako lana».

SOILA, BAINA KONPLEXUA

Izenaren jatorriari buruz galdetuta, tolosarrak esan du sentimendu intimo eta pertsonal bat duela abiapuntu. «Etenaldi batean sortu zen, bi arrazoirengatik: Duela hiru urte Juantxoren (Zeberio) ama hil zen, eta etenaldi bat sortu zen bere bizitzan, horrelako kasuetan denoi gertatzen zaigun bezala; edonork izan dezakegu hauste bat gure amarekiko. Gero, gainera, pandemia heldu zen; hori beste etenaldi bat izan zen guztiontzat», azaldu du Arandiak.

Aipatutako abiapuntu horretatik, diskoaren izena kontzeptu unibertsal edo zabalagoa bilakatzen dela aipatu du tolosarrak. «Hitz motza eta soila dirudi, baina era berean konplexua da, diskoa bezala». Amek bizitza ematen digutela, eta nolabait ere, izenak diskoari bizitza ematen diola gaineratu du. «Amak bizitzaren abiapuntu edo emaile dira. Askotariko amak daude, eta kontzeptua bera ere desberdina izan daiteke, momentuaren arabera».

Josu Zabalak diskoari buruz egindako kritikan dio ama ez dela bat eta bakarra, eta lan honetan ere Amak molde, doinu eta erritmo desberdinak biltzen dituela. Ados dago Arandia, eta bide batez, nabarmendu du emakumearen figura beti izan dela presente taldean. «Askotan aipatu izan dugu gure musikak emakume izena duela».

ZUZENEKOETAKO TALDEA

Ama diskoa bi modutara aurkezteko aukera du Tenporak: ohiko formatuan eta formatu handian, harizko laukote batekin eta koristen figurarekin. «Tenpora beste modu batera ere entzun daitekeela ospatzeko balioko du, gure melodiek bilakatzeko gaitasuna dutela erakusteko». Tolosako kontzertua formatu handian egingo dute, eta beraz, saio berezia izango da; gainera, indar eta foku berezia jarri diote kontzertu honi. «Aukera paregabea izango da instrumentu eta elementu desberdinen bitartez, gure musika modu osatuagoan eta baldintza onenean entzuteko».

Momentuz, formatu handian entzungo den bakarra izango da. Ondoren, birari ekingo dio, baina ohiko formatuan egingo dituzte kontzertuak. Villabonan, Beasainen, Lazkaon, Andoainen eta Usurbilen izango dira, besteak beste. Gainera, herri eta hiri gehiagotan aritzeko datak lotzen eta zehazten ari dira.

Arandiak argi du zuzenean entzuteko taldea dela Tenpora, hala sentitzen dutela taldekideek eta garrantzi handia ematen diotela horri. «Kontzertuetan garatzen ditugu gure melodiak. Tolosakoa, adibidez, intentsitate eta kalitate handiko kontzertua izango da; teknikoki ere, kanturako zailtasun puntu bat dute disko berriko abestiek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!