Udan ezingo dira udaleku irekiak egin Tolosan, oztopo administratibo bat tarteko

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 6a, 11:57
Tolosako aurrekontu parte hartzaileen aurkezpeneko irudia.

Parte hartze bidezko aurrekontuekin herritarrek aukeratutako proiektuetako bat zen. Ondorioz, udan haur eta nerabeen aisialdirako ekintza puntualak antolatzera eta bozka gehien jaso zuten hurrengo hiru proiektuetara bideratuko du dirua udalak.

Azaroaren amaieran aurkeztu zituen udalak parte hartze bidezko aurrekontuen egitasmoaren barruan herritarrek aukeratutako bost proiektuak. Proiektu horiek 2024ko udal aurrekontuan jasota daude, eta horietako batzuen lanketarekin hasia da udala. Aldaketa izango da horietako batean, ordea. Haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekien eskaintza sortu eta garatzeko proiektua garatzen hasia bada ere, traba administratibo bat tarteko ezingo da eskaintza hori uda honetarako prest izan, eta horrek aurten egingo diren egitasmoen planteamenduaren aldaketa ekarriko du.

Zergatik aldaketa?

Bozketa fasea amaitu eta aukeratutakoen artean zela jakin bezain pronto abiatu zuen udalak udako programa hori diseinatzeko eta kontratatzeko prozesua, Gazteria Sailak gidatuta. Lizitazioa gauzatzeko oinarriak amaitzear zela, ordea, aurreikusi gabeko traba administratibo batekin egin dute topo udal teknikariek: halako zerbait inoiz egin ez denez, lizitazioa martxan jarri aurretik guztia arautzen duen erregelamendu bat onartu behar da. Araudi hori sortzeko prozesuak eta bere onarpenak, eta ondorengo lizitazioak, hilabeteak eskatzen dituzte, eta horrek ezinezko egiten du uda honetarako eskaintza martxan izatea.

Zer gertatuko da udaleku irekiekin?

Eskaintza uda honetan martxan jarri ezingo bada ere, prozesuak eskatzen dituen lanekin aurrera egingo du udalak datozen hilabeteotan, hurrengo urterako prest egon dadin. Hain zuzen, erregelamendua sortzeko lanari ekin zaio jada, eta gainerako urratsak egingo ditu behin hori amaitu ondoren. Udal gobernuak 2025. urteko udal aurrekontuan eskaintza hau txertatzeko konpromisoa hartu du.

Dirua, beste proiektuetarako

150.000 euroko diru kopurua zegoen aurreikusita udaleku irekiak garatzeko. Diru horren zati bat, 60.000 euro inguru, udan haur eta nerabeen aisialdirako ekintza puntualak antolatzera bideratuko da.

Gainerako kopurua, parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarrek gehien bozkatutako hurrengo proiektuetara bideratuko da. Hiru dira finantzatuko diren proiektuak:

  • Bizikletentzako aparkalekuak: Udal gobernuak 20.000 euro aurreikusi zituen jada helburu horretarako, parte hartze bidezko aurrekontuen egitasmotik kanpo. 20.000 euro gehiago txertatuko dira. Modu horretara, Korreo kaleko Belena patioko aparkalekuen sistema aldatuko da: egungo barandak kendu eta beste sistema bat jarriko da, espazio berean bizikleta gehiagorentzako lekua sortzeko, eta modu horretara itxaron zerrenda arintzeko. Kentzen diren barandak, berriz, herriko beste puntu batzuetan jarriko dira.
  • Zabalarreta parkean kiosko-aterpea: Estalkia duen agertoki bat egitea da asmoa. Proiektuarentzat aurreikusitako aurrekontua 50.000 eurokoa da.
  • Kalistenia eta kaleko kirol parkeak: Parte hartze bidezko aurrekontuetatik kanpo aurreikusia zegoen partida bat da, eta dagoeneko udalak lizitatua du bi guneren sorrera. 15.000 euro gehiago bideratuko dira gune gehiagotan jarri ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!