Tolosa CF Atletismoko atleten emaitza nabarmenak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 5a, 13:58

Pista estaliko Espainiako Txapelketak jokatu dira azken asteburuetan hainbat mailatan. Horrez gain, bi errekor aipagarri lortu dituzte Tolosa CF-ko atletek.

Eñaut Arostegik parte hartu du pasa den asteburuan Valentzian egindako 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. 1.000 metrotako lasterketan izan zen, eta ez zuen egun ona izan, 2.51ko markarekin finalerdietan gelditu zelarik.
 
Donostian Master mailako Espainiako Txapelketa jokatu da, eta Andu Martinez de Rituertok M55 kategorian bigarren postua lortu zuen altuera jauzian, 1,54 metro saltatuta. Ignacio Amonarrizek laugarren postua lortu zuen M65 kategoriako pisu jaurtiketan, 9,72 metroko markarekin. Angel Maria Uranga finalera pasa zen M60 kategoriako 60 metroko proban, eta zortzigarren egin zuen 8,53rekin. Alberto Rebollok M40 kategoriako 60 metroko proban parte hartu zuen, baina ezin izan zuen finalera pasa. Bestalde, Loreto Lopez de Munillas eta Iker Ariznabarreta tolosarrek brontzezko domina lortu zuten Atletico Errenteria taldearekin parte hartuz 4x200 metroko misto proban.
 

Aurreko asteburuan, 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Tolosa CF-ko lau atleta izan ziren lehian. Idoia Arrospide nabarmendu zen, 800 metrotan 2.17,55 markarekin 7. izatea lortu zuelarik. Nagore Gabarainek zorte txarra izan zuen eta finaletik segundo eskasera gelditu zen 200 metrotan, finalerdian 25,79 egin eta gero. Kira Pascual proba berean ere finalerdietan gelditu zen 26”,14 markarekin. Laia Azpilgainek ere 200 metroak egin zituen eta finalerdietatik oso gertu geratu zen 25,96 markarekin.

 

Asteburu horretan Gipuzkoako 20 urtez azpiko txapelketa eta aukera askeko probak egin ziren. Gipuzkoakoan Unax Armendarizek 8.38,05marka bikainarekin bigarren izatea lortu zuen 3.000 metrotan. Iraide Tejeriak marka pertsonala egin zuen 60 metrotan 8,15rekin, zilarra eskuratuz ere.

Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetatik «berri ikaragarria» iritsi zitzaien Tolosa CF-koei. Bertan ikasten ari den Ane Martinek 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berri bat ezarri zuen 800 metrotan, 2.08,96 eginez. Eta June Sudupek, Nafarroako U20 Txapelketan lehiaketatik at moduan parte hartuz, Tolosa CF-ko errekor absolutua lortu zuen 3.000 metrotan, 9.57,48 eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!