ELKARRIZKETA

«Beste esperientzia berri bat bizitzen ari naiz arbitro izatearekin»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 9a, 07:58

Naroa Garaialde futbol arbitroa. I.G.L.

Beste mundu bat ireki zaio Naroa Garaialderi, futbolean jokatzetik arbitro izatera pasatzerakoan. Hasiera batean emakume izateagatik ezberdin begiratzen ziotela dio, baina orain ez du hori sentitzen.

Seigarren denboraldia du Naroa Garaialdek (Tolosa, 2001) futbolean arbitro moduan. Emakumezkoei, batez ere futbolean jokatzen dutenei, arbitro izateko deialdia egiten die: «Futbolean hasi ziren bezala, saiatzeko arbitro izaten».

Noiztik duzu lotura futbolarekin?

10 urte ingururekin hasiko nintzen futbolean jokatzen, eta orain 22 urterekin futbolaren beste alor bat deskubritu dut eta arbitro lanean nabil.

Noiz erabaki zenuen arbitro edo epaile izatea?

16 urte nituenean Tolosa CF-n jokatzen nuen, eta nire atezainaren entrenatzailea arbitroa ere bazen, eta galdetu zidan ea zergatik ez nuen izena ematen, aukera polit bat izan zitekeela. Ez nuen gaizki ikusi eta izena ematea erabaki nuen. Federaziora joan nintzen, eman zidaten liburuxka bat ikasten hasteko, azterketa bat egin nuen eta gaur egun arte.

Eta 16 urterekin dagoeneko arbitro, beraz?

Oker ez banago, 12 urterekin hastea daukazu arbitratzen kategoria baxuetan, alebinetan eta infantil mailan. Ni oso gaztea nintzen, eta hasieran ni baino pixka bat gazteagoak arbitratzen nituen, baina gero iritsi zen momentua ni baino zaharragoak arbitratzen nituela, eta hori beste mundu bat zen.



Zer egin behar da epaile izateko?

Orain ikastaro batzuk egin dituzte, hainbat epailerekin, egoera ezberdinetan nola epaitu ikasten joateko. Lehen zena eta orain dena Gipuzkoa mailan behintzat, asko hazi da laguntza horrekin. Denboraldi hasieran proba fisiko batzuk pasa behar ditugu guztiok, horiek gabe ezin dugu arbitratu, eta gero azterketa teoriko bat egiten dugu. Gero, denboraldian zehar federaziora joaten gara eta mintegi batzuk jasotzen ditugu, araudi batzuk errepasatuz, lehen eta bigarren mailan gertatu diren jokaldi batzuk errepasatuz, nola jarri gure gorputza horren aurrean..., eta gero denboraldi amaieran berriz proba fisikoak eta teknikoak egiten ditugu mailaz igotzeko.

Futbolean arauak zehaztuta daude, baina gero interpretazioak egon daitezke.

Azkenean gu gaude futbol zelaian eta segundo batean ikusi eta interpretatu behar duzuna oso azkarra izan behar da. Batzuetan akats batzuk egiten ditugu, baina beste batzuetan jokalarien araudiaren ezjakintasunean, kezka sortzen zaizu eta pentsatzen duzu ez zela zuk arbitratu duzuna; halere, azkenean erabaki horrekin bukaeraraino joan behar zara eta batzuetan ondo aterako zaizu, beste batzuetan gaizki, baina normalean ondo izaten da. Gure mailetan VAR famatu hori ez dugu, beraz, erabakitzen duzunak ez du atzera bueltarik.

Eta zein izan daiteke epaile? Baldintzarik badago?

Sasoian egon behar duzu, baina gero bakoitzak erabakitzen du zenbateraino nahi duen bere gorputza prestatu arbitro izateko. Badaude batzuk gutxienekoarekin konformatzen direnak, eta beste batzuk asko entrenatzen dutenak gero ahalik eta urrutien iristeko.

Arbitroek, beraz, zuen entrenamenduak ere egin behar izaten dituzue.

Hasieran, hasten zarenean, nola ez duzun pentsatzen urrutira iritsiko zarenik, ez diozu hainbeste garrantzirik ematen entrenatzeari eta araudia sakon ikasteari. Uzten duzu alde batera, eta astebururo joaten zara arbitratzera, eta horrekin nahikoa dela pentsatzen duzu. Gero, ikusten duzu gustatzen zaizula, eta sasoian egon nahi duzula, eta jokaldietara ondo iritsi nahi duzula; ondo arbitratu nahi duzula eta araudia ondo jakin nahi duzula, eta astean zehar lan estra bat egiten duzu, zure gorputza entrenatzeko eta araudia ikasteko. Guk astebururo bi partida arbitratzen ditugu, eta batzuetan egun berean tokatzen dira. Beraz, batetik bestera errekuperatzeko, prestatuta egon behar zara.

Aurten seigarren denboraldia duzu epaile moduan. Zer mailatan aritzen zara?

Gizonezkoen lehen erregional mailan nabil arbitratzen. Momentuz oso gustura; igoko nintzateke, baina nabaritu dut gehiago gustatzen zaidala marrazain bezala aritzea, eta agian igotzearekin batera, beste partida batzuk arbitratu ahal izateko aukerak murriztuko lirateke. Emakumezkoetan ohorezko erregional mailan aritzen naiz, Gipuzkoako maila altuenean.

 

«Nabaritu dut gurasoek gehiago kritikatzen dutela arbitroa neska baldin bada»



Marrazain zein mailatan aritzen zara?

Gizonezkoetan Gipuzkoan dauden beste bi maila altuenetan, eta emakumezkoetan hirugarren eta bigarren mailan.

Zer ezberdintasun du marrazain aritzeak?

Beste bi pertsonekin zoaz eta belarriko entzungailua erabiltzen dugu komunikatzeko. Aukera ematen dizu bai Gipuzkoatik baita Euskaditik gehiago mugitzeko ere. Horrek beste xarma bat du, ez zaudelako hemen inguruan arbitratzen: urrutira zoaz, jende gehiago ezagutzen duzu, beste talde batzuk arbitratzen dituzu, azkenean beste esperientzia batzuk dira.

Nola igo daiteke kategoriaz epaile moduan?

Bi proba pasa behar dituzu, fisikoa zein teknikoa. Euskaditik bidaltzen dituzte marrazain bat eta arbitro bat Madrilera, eta han beste erkidegokoekin batera proba batzuk pasatzen dira. Eta horietatik bi bakarrik igotzen dira. Oso zaila da igotzea.



Zure asmoa da mailaz igotzea?

Horretarako prestatzen ari naiz, baina gero ez dakit zer gertatuko den. Aurten saiatu nahiko nuke bigarren maila horretara igotzea marrazain bezala. Aukera badago, baina gero Madrilen pertsona asko elkartzen dira, eta horietatik bi soilik aukeratzea zaila da.

Eta epaile bezala?

Igotzen banaiz ez dago gaizki, denboraldian zehar lan ona egin dudan seinalea da. Bertan geratzen banaiz ez dut gaizki ikusten.

Asteburuak, beraz, lotuta dituzu.

Sakrifizioa bada, baina gustatzen bazaizu, ondo pasatzen duzu. Esnatzen zara eta goizean partidarik ez baduzu, lasai hartzen duzu. Gero arratsaldean partidara zoaz, eta ondoren lagunekin afaltzera joan zaitezke eta parranda egiteko aukera ere izan dezakezu hurrengo goizean ez baduzu partidarik. Exijentea da, baina uste dut moldatzeko aukera izaten duzula. Jai eskatzeko aukera duzu zerbait baduzu. Azkenean, ohitu naiz.

Ez da zure lan nagusia, ezta?

Ez, nik orain egiten dudana nire kapritxoak ordaintzeko balio dit. Hortaz ezin naiz momentuz bizi, baina diru hori ez dago gaizki, oporretara joateko, edo zerbait erosi nahi badut, diru estra bat da.

Zure ofizio bihurtu nahiko zenuke?

Denboraz ondo nabil; oraindik 22 urte ditut eta igotzen banaiz ondo, eta ez banaiz iristen lehen maila horretara, behintzat, saiakera hor geratuko da; beste esperientzia berri bat bizitzen ari naiz arbitro izatearekin eta gustatzen ari zait momentuz.

Gipuzkoako Futbol Federazioa kanpaina bat egiten ari da, emakume gehiagok izena emateko arbitro bezala.

Hamabi emakume gaude arbitratzen, eta ni hasi nintzenean hamabi geunden. Futbolari emakumezko gehiago dago, baina arbitro emakume kopuruak berdin jarraitzen du. Saiatzen ari gara emakumezko gehiago arbitro izaten. Zerbait berria da, polita da, pixka bat arraroa izan daiteke hasieran, baina probatzeagatik ez da ezer gertatzen. Futbolean jokatzen hasi diren bezala, zergatik ez arbitratzen?

Jokalari izatea baino gehiago kostatzen da epaile izatea?

Askotan izan daiteke gurasoek edo besteek zer esango dutenaren beldurra dugula. Gurasoek ez dute agian ondo ikusten arbitro izatea: arbitroa txarra denaren ikuspegi hori dago, futbol zelaira joan eta iraindu egingo zaituztela... Baina hori ez da horrela; ehun partidetatik behin gertatuko zaizu. Lan segurua da, eta uste baduzu irabazi baino gehiago galduko duzula, ez da horrela, kontrakoa da. Lan sakrifikatua izan daitekeela? Beno, bai, baina asteburuan partida bat edo bi izango duzu, eta gainera bateratu dezakezu futbolean jokatzearekin. Hasieran futbolaria nintzela hasi nintzen arbitro bezala. Gero utzi egin nuen jokatzeari; batzuetan, faltan botatzen dut, baina arbitro izateak beste mundu bat ireki dit.



Nola animatuko zenuke emakume bat arbitro izatera?

Lehenik esango nioke saiatzeko. Futbolean hasi zen bezala, saiatzeko arbitro izaten. Ez bazaio gustatzen, behintzat probatu du, eta arbitro izatearen ikuspuntua bizitu du. Bigarrenik, kezka badu bakarrik egongo delakoan, ez kezkatzeko, federazioan lagunduko dion jende asko dago.

Ezberdintasunik nabaritzen duzu epaile izaterakoan, emakumezkoa ala gizonezkoa izan?

Hasieran bai nabaritzen nuela, adibidez futbol zelai batera iritsi eta jokalariren batek esatea: «Arraioa! Arbitroa emakumea da». Baina nik uste dut dagoeneko gainditu dela. Nabaritu dut gurasoek gehiago kritikatzen dutela arbitroa neska baldin bada. Ez partida guztietan, baina batzuetan bai.

Zaleek protesta erabili ohi dute epailea urduri jartzeko. Nola egiten diozu aurre horri?

Nik erraza daukat. Ikusten badut hankaz gora jartzen ari dela, joaten naiz ordezkariarena, eta ohartarazten dut: «Edo isiltzen dira edo partida bukatu egiten da». Hori muturreko egoeretara iritsiz gero.

Eraso matxistarik jasan duzu?

Gipuzkoan gaudenok ezetz esango nuke. Eta eskerrak, bestela futbol zelaira itzuliko ginateke berriro gertatuko ote zaigunaren beldurrez. Ez dugu merezi horrelako ezer jasotzea.

Zer da epaile izatearen alde txarrena?

Asteburuan duzun sakrifizio hori, eta prest egotea asteburu guztietan arbitratu ahal izateko.

Eta alde onena?

Ezagutu ditudan pertsona guztiak ezagutu ahal izatea, tartean erreferente izan direnak. Marta Frias lehen mailan aritu zen, nazioarteko arbitroa izan zen, eta asko gustatzen zait nola arbitratzen zuen; aukera izan nuen berari elkarrizketa bat egiteko, eta oso jatorra izan zen nirekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!