Espediente bat aurkeztu beharko du udalak, kirol-instalazioen aferan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 5a, 07:59

Enpresa emakidadunak kontratua deuseztatzeko erabakiaren aurkako alegazioak aurkeztu zituenez, udalak txosten bat aurkeztu behar dio Aholku Batzorde Juridikoari, bere irizpena nahitaezkoa baita.

Tolosako Udalak herriko kirol-instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida kontratuaren espedientea EAEko Aholku Batzorde Juridikoari helaraztea eta espedientea ebazteko gehieneko epea etetea erabaki du otsaileko osoko bilkuran. Herriko kirol instalazioen kontratua deuseztatzeko prozedurari hasiera ematea erabaki zuen azaroan. Gerora, enpresa emakidadunak —BPXport— erabakiaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, zerbitzua emateko ezintasuna grebari lotutakoa zela argudiatuta. Hori dela eta, udalak txosten lotesle bat aurkeztu behar dio Aholku Batzorde Juridikoari, bere irizpena nahitaezkoa delako. Espediente «luze eta zabala» osatu dute udal teknikariek, erabakia arrazoituz.

Bi ideia nagusitan zentratu da argudiaketa hori. Alde batetik, kontratuan jasotako datu ekonomikoak aldatuz, eta greba aitzakia modura erabilita, enpresa emakidadunak zegokiona baino diru gehiago —bi milioi euro inguru— lortu nahi izatean. Hori izan zen erabakia hartzerako orduan pisu gehien izan zuen arrazoia. Bestetik, denbora luzez zerbitzua eman ez izana. Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena iritsi bitartean, espedientea ebazteko gehieneko epea etetea erabaki du udalbatzak, aho batez.

EAJk ez zuen txostenaren inguruko iritzirik eman, eta ez zion eragozpenik jarri erabakiari, baina zenbait zalantza eta kezka zituztela esan zuen Biotxa Agirre zinegotziak: «Lizitazio berria martxan jartzen den bitartean, ba al dago mantenu lanetarako inbertsio planik? Badago enpresarekin gai honen inguruko hitzarmen edo akordiorik? Ba al dago kiroldegiaren eredu berriaren inguruko hausnarketa edo planik? Nolakoa da harremana udalaren eta enpresa emakidadunaren artean? Noizko izango genituzke plegu berriei jarritako errekurtsoen inguruko erantzunak?».

Andu Martinez de Rituertok hartu zuen hitza ondoren: «Emakida indarrean dago. Orduan, enpresa da inbertsio plana bete behar duena; bestela, ez litzake kontratua betetzen ariko. Udal teknikari bat ari da guztia kontrolatzen. Bestetik, urtebete nahikoa izan daiteke etorkizuneko eredua hausnartzeko eta beste urtebete eman beharreko pausoak emateko. Azkenik, udal langilearen eta enpresaren arteko harremana ez da batere erraza izaten ari».

VILLA SAGRADO CORAZON

San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko Villa Sagrado Corazon etxea babesteko lehen urratsa ere eman du udalak, Tolosako Hiri Ordenazioko Plan Orokorraren Katalogoaren aldaketa puntuala onartu ondoren; udal gobernuaren babesarekin eta oposizioko alderdien abstentzioekin onartu dute. Horrenbestez, eraikin hau Bigarren Mailako babesa duten udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartuko da.

Esparru horren antolamendu berria arautzeko xehetasun-azterlanaren aldaketa tramitatzeari ekingo diote orain, udalaren eta etxebizitzen sustatzailearen artean adostutako irtenbidearen zehaztapenak finkatzeko. «Adostasun horri esker, bi helburu lortu dira: batetik, balio historikoko eraikina mantentzea; eta, bestetik, aurreikusia zegoen etxebizitza kopuru bera eraiki ahal izatea», adierazi zuen Ander Figuerido hirigintza zinegotziak.

Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak esan zuen zenbait eragozpen zituela erabakia babesteko. «Ez al zen egokiagoa sustatzaileekin egungo eraikinaren elementu arkitektonikoak jaso eta gordeko zituen eraikin berri bat negoziatzea? Bateragarria izango zen memoria historikoa mantendu, etxebizitzen eta aparkalekuen eskaintza handitu eta inguruko bizilagunen ezinegona ez piztea. Zertarako nahi dugu eraikina ez badakigu berarekin zer egingo dugun?».

Xarles Iturbe EAJ-ko zinegotziak adierazi zuen hartutako erabakiaren ondorioak direla aztertu beharrekoak. «Udal gobernuari eskatzen diogu enkargatu diezaiola ondare arkitektonikoan aditu den pertsona bati eraikinaren babesaren inguruko azterketa serio eta zorrotz bat egitea eta eremu urbanistiko horren garapena txosten horren emaitzetara baldintzatu dezala».

ALDAKETAK, PROZESUETAN

Lehia bidezko udaleko diru laguntzen ordenantza orokorra aldatzea onartu dute. Orain arte, diru laguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenantza propio bana. Aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, ordea, bi ordenantzetan egin behar zen, eta horrek asko luzatzen zuen prozesua. Bada, ordenantza orokorra aldatu, eta deialdi bakoitzaren ordenantza propioak indargabetu ditu orain udalak. Azken horien ordez, urtebeteko indarraldia izango duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak. Horrela, moldaketak egiteko malgutasun eta erraztasun gehiago izango da.

Ez da aldaketaren helburu bakarra izan. Aurrerantzean, herritar edota eragileentzako errazagoa izango da tramitea, ez baitute zertan beste administrazio batean aurkeztutako dokumentazioa berriro eman beharko udaletxera. Nahikoa izango da eskatutako agiria zein erakundetan dagoen zehaztearekin.

Tolosako Udalaren Iruzurren Aurkako Plana eta bere eranskinak eguneratzea ere onartu dute. 2022an onartu zen plana, eta orain eguneratu egin da eta udal kontratazioetarako oinarri moduan ere erabili ahal izango da. Bost puntutan egin dira eguneraketak: interes gatazka ezaren aitorpena, salaketa kanal anonimoa, autoebaluazioa eta arriskuen matrizea, kontrol batzordea eta kontratazio prozesuetan parte hartuko duten langileentzat formazioa.

ORDAINSARIAK ETA MOZIOA

Udal langileen ordainsarien hirugarren aldiz igotzea ere onartu dute, hala jasotzen baitu 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorraren 31/2022 Legeak. Hain zuzen, Barne Produktu Gordinak (BPG) izandako bilakaerari lotutako igoera aurreikusten zen. Indizeak %6ko muga gainditu duenez, %0,5eko igoera aplikatuko zaie ordainsariei, 2022ko abenduaren 31koak oinarri hartuta, eta 2023ko urtarrilaren 1eko ondorioekin. Igoera aplikatu ahal izateko, 2024 urteko aurrekontuan gordea dagoen 55.000 euroko gastua onartu da aho batez.

Azkenik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 48. urteurrenean, gatazkaren behin betiko konponbide justua sustatzea, deskolonizazio-prozesua amaitzea eta Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatzea eskatzen dituen mozioa onartu dute, EH Bilduren eta EAJren babesarekin.

KARTELAK ETA PANELAK

Kartelak herrian zehar kokatuta dauden paneletan jartzeko ordenantzaren inguruan zalantzak azaldu zituen Villanuevak, kalean ikusitako kartel baten harira: «Guk jarritako arauak guk errespetatzen ez baditugu, zer esango dute herritarrek?». Bilkuran zegoen tolosar batek adierazi zuen bere garaian 33 panel jarri zirela, eta egun 10 soilik geratzen direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!