M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2024

Hiru ekitaldi, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Ataria 2024ko mar. 4a, 19:00

Tolosako Asanblada Feministak manifestazioa deitu du ostiralerako, 19:00etan, Triangulo plazan; Saharar erresilientziari buruzko 'Isumisas' dokumentala eta solasaldia eta Izan Iñurri elkartearen bertso saio musikatua ere izango dira tartean.

Aldarrikapen eguna izango da ostiralekoa. Izan ere, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute Tolosan. Honela, Tolosako Udalak eta Asanblada Feministak elkarlanean antolatuta, feminismoa ardatz izango duten kultur ekitaldi ugari izango dira datozen egunotan. Horietako bat Tolosako Asanblada Feministak deitutako manifestazioa izango da ostiralean 19:00etan, Tolosako Triangulo plazatik abiatuta, Feminismoa ardatz, gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean.

Silvana Ostiza Tolosako Asanbla Feministako kideak azaroaren 30ean egin zen greba orokor feminista ekarri du gogora. «Denbora guzti honetan Mugimendu Feminista instituzioekin harremanetan egoten eta erakunde arteko mahai bat sortzen saiatu da, zaintzaren inguruan aritzen diren langileen duintasuna eta lan baldintzak hobetzeko, zainduak diren pertsonak zaintza integral bat izateko, lurraldeen arteko desorekak orekatzeko, pribatizazioarekin amaitzeko eta zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko».

Mahaia hori osatzea lortu ez duten arren, Ostizaren esanetan «are larriagoa iruditzen zaigu komunikabideetatik iristen ari zaigun propaganda, non mugimendu feministaren hitzak, esaldiak eta aldarrikapenak erabiliz, zaintza sistema komunitario baten aldeko propaganda egiten ari diren hori dena gezurra dela dakigunean». Egoera horrek mugimendu feministaren haserrea piztu du, «beraiena ez diren teoriez, pentsamenduez eta esaldiez jabetzen ari direla eta horrekin engainatu egin nahi gaituzte. Honela iritsi gara martxoaren 8 honetara».

Honen aurrean, esan du komunikabideek aipatzen duten zaintza sistema hori ez dela Euskal Herrian behar dena. Horregatik, zaintza krisiaz hitz egiten jarraituko dutela aldarrikatu du, «baita mobilizazioekin ere, herri akordioan sakontzeko aukera sustatuz eta alderdi politikoei ardura eskatuz».

Hauteskunde kanpaina gertu dagoela aipatu du, eta bertan «agente aktibo bat» izango direla. «Urgentziazko proposamenak zein diren jakitea eskatuko dizkiegu, zeintzuk diren epeak eta zein izango den denon bizitzen aldeko benetako eredua eta etekinak eskuratzekoa». Gaiari errotik heldu beharko diotela aitortu du, «lehertzear dagoelako eta guk hor jarraituko dugulako tinko». Guzti hau aldarrikatzeko ostiralean Tolosan egingo den manifestazioarekin bat egiteko deia egin du.

Herrialde zapalduetako emakumeak

Ekitaldi hauetan herrialde zapalduetako emakumeak ere izango dituzte gogoan, «beraiengatik ere egiten dugulako borroka feminista». Honela, martxoaren 13an, Insumisas ikus-entzunezkoa proiektatuko da, 19:00etan, Andragoran Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Dokumental honek emakume sahararren borroka eta erresilientzia jorratzen ditu, eta biktima, ikertzaile eta ekintzaile gisa duten paper hirukoitza nabarmentzen du.

Saioaren ostean, Lucha y resistencia de las mujeres saharauis y alianzas feministas izeneko solasaldia izango da, PIMSOk, Mendebaldeko Sahararekin aldeko Emakumeen Nazioarteko Plataformak antolatuta. Fati Jatri eta Ana Sanz arituko dira hizlari lanetan.

Bertsoak eta feminismoa elkarren eskutik

Elkartasuna, kontzientziazio soziala eta umorea sustatzen dituen ekitaldi batek itxiko du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu den egitaraua. Hain zuzen, martxoaren 16an, Tabuen kutxatik oholtzara izeneko ikuskizun solidarioa izango da, 19:00etan, Topic-en. Izan Iñurri elkarteak antolatutako ekimena da eta Nahia Intxausti elkarteko kideak azaldu bezala, «minbizia estereotipoz betetako gaixotasun bat denez, tabuen kutsa horretatik atera nahi dugu gorputza eta ahotsa jarriz, minbizia pasa dugun edo pasatzen ari diren pertsonen bitartez».

Egun horretan, Amaia Agirre gai jartzaileak emango du haria, eta Uxue Alberdi, Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariek parte hartuko dute, Isaac Arruti eta Gari Otamendi musikarien laguntzarekin. Saio horretan, Izan Iñurri elkarteko emakumeen, minbizia pasa dutenen, bete betean prozesuan daudenen edo jada joan direnen testigantzak, esperientziak, emozioak eta aldarrikapenak ere jasoko dituztela azaldu du Intxaustik. «Amaia Agirrerekin batera igoko dira oholtza gainera bertsolariei gaia jartzera, eta horren bitartez, gure ahotsa eta gorputza jarri nahi ditugu narratiba berri bat sortu ahal izateko eta esperientzia horren bueltan dauden emakumeei baliagarria izan dakiekeen».

Gonbidapenak eskura daude dagoeneko Topic-eko webgunean.

Feminismoa esparru askotan

«Urte asko dira jada martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugunetik, eta hamarkada hauetan aurrera pauso handiak eman ditugun arren, argi geratu da oraindik aldarrikapenerako tartea dugula eta hobetzen jarraitu behar dugula», esan du Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak.

«Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lehen aldarrikapena norberaren gorputzaren jabetza izan zen, baina ordutik aldarrikapen gehiago gehitu dizkiogu, izan amatasuna, soldata arrakalak, osasun publikoa, eta nola ez, zaintza». Zaintzaren krisi batean murgilduta gaudela dio zinegotziak, eta horren erakusle izan zen zaintzak erdigunera ekartzea aldarrikatu zuen azaroko greba feminista orokorra. «Horrek erakutsi zigun ezinbestekoa dela begirada feminista txertatzea erakundeetatik egiten ditugun politika guztietan. Horregatik, oraingoan ere hemen elkartzen gara, antolatu ditugulako hainbat ekitaldi hauen bueltan aldarrikapenak egiteko».

Hala ere, lanketa hori Emakumeen Nazioarteko Egunetik harago joan behar duela azpimarratu du zinegotziak: «Ezin dugu egun bakarrera mugatu. Horregatik, helburu hori duten ekintzak urtean zehar sakabanatuko ditugu, emakumeen ahalduntzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzeko».

Egitaraua

Martxoaren 8a, ostirala

  • 19:00. Manifestazioa, Triangelua plazatik abiatuta, 'Feminismoa ardatz, gure bizitzen negoziorik ez!' lelopean. Tolosako Asanblada Feministak deituta.

Martxoaren 13, asteazkena

  • 19:00. 'Insumisas' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen etxean. Fati Jatri eta Ana Sanzen eskutik.

Martxoaren 16a, larunbata

  • 19:00. 'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatua Izan Iñurri Minbiziaren aurkako elkartearen eskutik. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!