Eukene Larrarte, bigarren omniumean eta scratchean

Ataria 2024ko mar. 4a, 13:09

Eukene Larrarte, ezkerrean, omniumeko podiumean. RFEC

Txirrindulari tolosarrak Portugalen jokatu den Artur Lopes Nazioarteko Pista Txapelketan parte hartu du asteburuan.

Eukene Larrarte Espainiako selekzioarekin aritu da lehiatzen, eta guztira hiru probatan parte hartu du Anadia belodromoan jokatu den txapelketan. Omniumean eta scratch probetan bigarren postua eskuratu du, eta puntuazioan seigarrena.

Omniumean hainbat probatan parte hartzen dute txirrindulariek, eta hasieratik Larrartek erakutsi zuen indartsu zegoela. Scratchekoan hirugarren egin zuen eta tempo race proban irabazi. Kanporaketako proban bigarren egin zuen, Maria Martins portugaldarraren atzetik. Azken horrek irabazi zuen azkenean omniuma. Azken proban, puntuazioan, inork ez zuen itzulia irabazteko aukerarik izan eta tolosarrak bost puntu lortu ahal izan zituen. Azkenean, Larrartek 119 puntu lortu zituen bigarren eginez.

Scratch proba larunbatean jokatu zuen Larrartek eta bertan bigarren postua eskuratu zuen. Beste zazpi txirrindularirekin batera itzuli bat irabazi zuen, eta oso lehiakor mantendu zen proba guztian zehar. Azkeneko esprintean Martia Martinsek irabazi zion. Bestalde, egun berean puntuazio proban parte hartu zuen tolosarrak, eta hor seigarren postua eskuratu zuen 27 punturekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!