Bertsoek eta pentsiodunen aldarrikapenek bat egin dute, gaur, Tolosan. Bertan banatu dituzte Bertsopentsiotan I. Bertso Jarrien Lehiaketako sariak. Lehenik, Trianguloan elkartu dira Euskal Herri osotik etorritako 400 pentsiodun inguru. Ondoren, kalejira egin dute Alde Zaharrean, txistulariek girotuta. Azkenik, Zerkausian elkartu dira, bazkaltzeko eta sari banaketa ekitaldia egiteko. Aurrez, ekitaldiaren sarrera gisa, Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria aritu dira bertsotan.
Lehiaketa «oso arrakastatsua» izan dela esan dute antolatzaileek, aurreikusitako parte hartzaile kopurua gainditu dutelako. 30 parte hartzailetan jarri zuten langa, eta azkenean, 55 parte hartzaileren 60 bertso sorta jaso dituzte. Parte hartzaile bakoitzak, diploma bana jaso du.
Epaimahaiak hala erabakita, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola oreitiarrak irabazi du lehiaketa, Pentsio duinak bertso sortagatik. Kristina Mardarasek, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumeak, eman dio saria, zortzi eguneko egonaldirako etxebizitza Lekeition.
Honela geratu da sailkapena:
- Rikardo Gonzalez de Durana Alzola. Bertso sorta: Pentsio duinak. Saria: Zortzi eguneko egonaldirako etxebizitza Lekeition.
- German Kortabarria Igartua. Bertso sorta: Francoren mende jaioak gara. Saria: Jauregibarria jatetxean bi lagunentzako afaria eta gau bateko aterpea eta gosaria Etxano nekazal-etxean.
- Jesus Peñagarikano Labaka. Bertso sorta: Pentsiomenduak. Saria: Bi lagunentzako bazkaria Orbela tabernan eta Lazkao Txiki - Irriz eta Malkoz liburua.
- Julian Albistur Aranburu. Bertso sorta: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Saria: Bi lagunentzako bazkaria Lizartzako Goikoetxea sagardotegian eta Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022 liburua.
Gainerako parte hartzaileen artean, bostek aipamen berezia jaso dute:
- Justo Alberdi Artetxe. Bertso sorta: Aurrera pentsiodunak. Saria: Errigorako saskia eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak emandako liburua.
- Mikel Mendizabal Garmendia. Bertso sorta: Pentsionistak gera. Saria: Errigorako saskia eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak emandako liburua.
- Serapio Lopez Ortueta. Bertso sorta: Pentsionistak. Saria: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako bi sarrera eta Xabier Amurizaren Mañukorta, Bertsonajea liburua.
- Iñaki Urionaguena Antolin. Bertso sorta: Pentsiodunak tinko. Saria: Bi lagunentzako bazkaria Isastegi sagardotegian eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak emandako liburua.
- Maite Aristegi Larrañaga. Bertso sorta: Plaza-bete duintasun. Saria: Bi lagunentzako bazkaria Astigarragako Ipintza sagardotegian eta Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022 liburua.