Tolosaldea IKTko igerilariak goi mailan aritu dira

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 29a, 15:00

Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia Espainiako Txapelketan nabarmendu dira, junior mailan dominak lortuz.

Tolosaldea IKT taldeko igerilariak Espainiako Txapelketan eta infantil mailako Euskal Herriko Txapelketan lehiatu dira asteburuan. Espainiako Txapelketa absolutu eta junior mailakoa izan da, eta bertan Nahia Garrido (gaur egun Madrilgo Blume errendimendu altuko zentroan dago) eta Mattin Zubeldia nabarmendu dira.

Garridok 200 metro bizkarrean 2.12,35ko marka egin du, absolutu mailan laugarren postua lortuz eta junior mailan zilarra eskuratuz. Marka horrekin berak aurretik zuen absolutu mailako Euskadiko errekorra hobetu du hamarreko bat jaitsiz. Bide batez, junior mailako Europako Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa lortu du. 100 metro bizkarreko proban zilarra eta 50 metrokoan brontzea lortu ditu Garridok, eta bietan 17 urtez azpiko Euskadiko markak egin ditu.

Mattin Zubeldiak 200 metro bizkarrean absolutu mailako A finalean sartzea lortu zuen, eta zortzigarren egin zuen, junior mailan zilarra lortuz. 2.04,64ko denborarekin Euskadiko federazioan bigarren igerilari azkarrena bihurtu da proba horretan. Junior mailako Europako Txapelketara joateko gutxienekotik zortzi hamarrekora geratu da, baina udan berriro aukera izango du marka hori lortzeko. 50 eta 100 metro tximeletan ere parte hartu du, eta junior mailako finalean zortzigarren izan da.

Tolosaldea IKTko beste hiru igerilari ere izan dira txapelketa horretan, eta beraien marketan aritu dira: Igor Arrigain, Ugaitz Aranbarri eta Irene Sagarna.

EUSKAL HERRIKOA, USABALEN

Tolosako Usabal igerilekuan egin da infantil mailako Euskal Herriko Txapelketa, eta bertan Tolosaldea IKT taldeko bederatzi igerilari aritu dira, guztiak emakumezkoak. Maila altua erakutsi dute igerilariek, lehian zeuden hiru erreleboetan lehen postuak lortuz. Guztira hamalau domina lortu dituzte: zazpi urrezkoak, bost zilarrezkoak eta bi brontzezkoak. Malen Zubeldia izan da gehien nabarmendu dena, 400 metro estiloetan 4.58,62ko marka eginez. Bost minutuetatik jaitsi diren igerilari gutxi daude.

Bestalde, Tolosaldea IKTtik txapelketa antolatzeko igerilarien gurasoen aldetik jaso duten laguntza eskertu dute: «Bertan izan dira bai parte hartzen zutenen gurasoak zein beste hainbat igerilariren gurasoak ere. Eskertzekoa da eman duten laguntza antolakuntzan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!