Beotibar klubeko Arregik eta Goitiak irabazi dituzte gomazko paletako banakako lehen finalak

Ataria 2024ko otsailaren 29a

Lau finalistak, sari banaketan. GIPUZKOAPILOTA.EUS

7aren barruan aritu dira Gipuzkoako Txapelketan: nagusien 1. mailako txapela jantzi du Odei Arregik, Mundarroko Ganix Urdangarinen aurka, eta nagusien 2. mailakoa Mikel Goitiak, Belokiko Josu Vianaren kontra.

Tolosako Beotibar klubeko Odei Arregik eta Mikel Goitiak irabazi dituzte gomazko paletako banakako lehendabiziko finalak Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan. Buruz buru zazpiaren barruan aritu dira, eta igandean izan ziren ikusgai finalak, Tolosako Beotibar pilotalekuan: nagusien 1. mailako txapela jantzi du Odei Arregik, Mundarroko (Astigarraga) Ganix Urdangarini irabazita; eta nagusien 2. mailakoa Mikel Goitiak, Belokiko (Zumarraga) Josu Vianaren kontra. Goitiak 25-13 irabazi zion Vianari, eta Arregik 25-19 Urdangarini.

Datozen jardunaldietan jarraipena izango du gomazko paletako buruz buruko lehiak, baina kasu honetan kantxa osoan ariko dira. Hain zuzen ere, hurrengo jardunaldian, martxoaren 3koan, ekingo diote lehiari, nagusien 1. eta 2. mailan. 14 pilotari lehiatuko dira lehen mailan (4 multzotan banatuta), eta 18 bigarren mailan (5 multzotan). Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, martxoaren erdialdera bitarte. Bi finalak apirilaren 21eko jardunaldian izango dira ikusgai, oraindik zehazteko dagoen egoitzan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!