Besteen azalean, sexuari buruz

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ots. 29a, 16:00

Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak 'Sexberdinak' antzezlana eskainiko dute, bihar, Leidorren, 20:00etan; gai dramatikoen inguruan hausnartzea bultzatuko dute, umoretik.

Bi ezezagun igogailu batean sartzen dira... Txiste baten hasiera izan zitekeen, baina ez da horrela. Bihar, ostirala, horrela egongo dira Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak Leidor aretoko oholtzan. 20:00etan hasita, Tanttaka Teatroa konpainiaren Sexberdinak antzezlana eskainiko dute. Obra hasterako, igogailuan harrapatuta geratuko dira Ana eta Nico. «Oro har, igogailuko momentu horiek oso deserosoak dira, elkarrizketa hutsalak sortzen direlako. Harrapatuta geratuz gero, ordea, errazagoak dira. Arriskuak edo desesperazioak gizakiago bihurtzen gaitu, eta orduan, beste konexio-puntu batzuk aurkitzen dira», esan du zaldibiarrak. Hori da, hain justu, antzezlanean gertatuko dena.

Hitz-joko batetik abiatuta sortu zuten izenburua obraren sortzaile diren Kepa Errastik eta Iruretak berak: Sexua, berdinak, desberdinak... Izenburuagatik, Shakespearerekin lotutako zerbait ote den galdetu izan diote Garmendiari. «Jendeak sexuan gutxiegi pentsatzen du mundu honetan, batez ere, literaturan oso jantziak direnek», esan du ironiaz. Etzi, baina, sexuaz hitz egiteaz gain, bakoitzaren egoera fisikoaz eta emozionalaz ere ariko dira Ana eta Nico. Une batean ondorengoa esaten dute: «Sexuan guztiok berdinak gara edo berdinak izaten saiatzen gara».

Bi pertsonaien bizipenak eta istorioak ezagutu ahal izango dira, beraz, umorez eta minez nabarmenduta. Publikoa, beraz, barre egitetik hausnartzera igaroko da, eta alderantziz, emozioen zurrunbilo batean murgilduz. «Bizitza bera bezala, beti ez delako barrea edota negarra. Alde emozionala oso garatua du obrak eta beharrezkoa iruditzen zait, aldarrikapenerako eta borrokarako». Zurrunbiloak askotan ez dira ikuskizun bateko lagun onenak izaten, baina kasu honetan, obra arin bat da. «Obra oraindik prestatu gabe daukagula sinestarazten diegu ikusleei, esperientzia edo happening bat izango dela, alegia. Puntu dibertigarria duen urduritasun horretatik abiatuta, barrez hasten dira», gaineratu du Garmendiak.

Gaia bera dramatikoa bada ere, komediatik asko duen obra dela esan du Garmendiak. Hala ere, maitasunari, sexuari, bakardadeari edo aurreiritziei buruz antzerkia egitea «zaila» dela aitortu du. «Batez ere, tabu asko daudelako. Gainera, mugikortasun aldetik ezintasuna duten pertsonen inguruan ari bagara, zer esanik ez!». Iruretak berak sexua gustuko duela eta praktikatzen duela esaten du obran. «Publikoa isilik gelditzen da orduan. Ez-jakintasun handia dago; gehienetan, zorionez, jarrera txarrik gabekoa izaten da. Antzezlanak niri ere lagundu dit, eta asko ikasi dut».

Gaur egungo gizartean, zorionez, normalizatuago ditugu genero-identitatearen zenbait konplexutasun, baina zoritxarrez, tarteka badira sumindura eta haserrea eragiten duten erabaki, iruzkin eta jokabideak. «Inklusibitate horretara gerturatzen saiatzen gara. Askotan oso konplexua da sexuaz, maitasunaz edota bizitzaz hitz egitea; gure kasuan, emakumeak eta gizonak bi kaxa zurrunetan ez sartuz hitz egiten saiatzen gara. Uste dut, orokorrean, gizartea ere horren malgutasuna non dagoen ulertzen ari dela. Mugak bakoitzak jartzen ditu, baina umorea egiten duzunean, oso garrantzitsua da muga horiek garbi edukitzea eta testuinguruaz jabetzea. Ziur, duela 10 urte honetaz guztiaz jabetu ere ez nintzela egingo, ez-jakintasun handiagoa nuelako».

Gurpildun aulkian

Antzezlan honen bira «oso berezia» izaten ari dela nabarmendu du Garmendiak. «Telmorekin oholtza partekatzea oso dibertigarria da. Badu arrisku bat: edozein txorakeriarekin barrez hasten da. Batzuetan larri ibiltzen gara zenbait gauza seriotasunez hartzeko». Antzoki batzuetan, baina, gurpildun aulkian dauden pertsonek dituzten oztopoez jabetzen dela aitortu du. «Bakarrik joaten naizenean ez naiz ohartzen, baina berarekin noanean bai, espaloiengatik edo ateen tamainagatik, zailtasunak izaten baititu. Zorionez, umorez hartzen ditu».

Hasiera batean, 60 pertsona bakarrik sartzen ziren antzokietan obra ikustera, eta aktoreek eramandako gurpildun aulkietan esertzen ziren. «Garrantzitsua zen ikusleak gurpildun aulkian ibiltzen direnen azalean jartzea, hori benetan zer den sentitzea. Horietako asko, minutu bakar batez horrela egotea zeinen nekagarria den konturatzen ziren. Askotan, hori da antzerkia: besteen azalean jartzea, enpatiatik abiatuta, besteen egoera ulertzen saiatzea». Bihar, beraz, Leidorreko besaulkiak betetzea izango dute helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!