Orain hamabost urte hasi zen Eba Bengoetxea (Tolosa, 1973) txakurrekin lagundutako esku hartzeak egiten terapia mota ezberdinetan. Ondoren, Muxukan enpresa sortu zuen, eta hainbat esparrutan aritzen da lanean: umeekin, helduekin, adinekoekin, ezintasuna dutenekin...
Noiztik zabiltza txakurrekin lagundutako esku hartzeak egiten?
Duela hamabost bat urte Madrilera joan nintzen, eta terapien inguruko ikasketak egin nituen eta baita txakurren heziketaren ingurukoak ere. Aurretik Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin nituen, eta gero ikasketa horiek lagundu zidaten Muxukan enpresa martxan jartzen, orain hamar bat urte.
Bi zati egon behar dira txakurrekin egiten den esku hartzean: batetik, pertsonekin lan egiten dena; eta bestetik, txakurrekin aritzen dena. Bi parteak dira garrantzitsuak. Batzuek esaten dute txakurra horrelako lanetan arituta kaltetu egiten dela, baina kontua da nola egiten duzun lan beraiekin; hau da, nik ikusten badut txakurra ez dagoela gustura, ez luke lanik egingo. Hain justu, nirekin lan egin duten txakur batzuk jubilatu egin ditut, ikusi dudanean ez dutela dagoeneko disfrutatzen.
Zer terapia motan parte hartzen duzu?
Terapiaren mundua oso zabala da. Azken finean, ezberdintasuna da zeinek parte hartzen duen saio batean; profesional batzuk edo beste batzuk. Aisialdian, adibidez, kale hezitzaileek parte hartuko dute; hezkuntzaren arloan, irakasleek, psikologoren batek edo pedagogoren batek parte hartuko du. Helburu terapeutikoak hor daude, baina curriculumarekin lotutako helburuak ere badaude, baita ondo pasatzea ere.
Horrenbeste gauza landu daitezke txakurrekin, eta landu daitezke naturalki... Txakur batek pertsona batek aterako ez dizkizun emozioak atera ditzake, naturaltasun hori daukalako. Beti esan izan da txakurrek ez dutela epaitzen, eta beraien presentziak giro lasaia eta segurua sortzen duela. Horrek errazten du zu zeu izatea bere aurrean. Txakurrak zure egoera emozionala islatuko du uneoro.
«Txakur batek pertsona batek aterako ez dizkizun emozioak aterako dizkizu, naturaltasun hori daukalako»
Esku hartzeak orokorrean nola funtzionatzen du?
Txakurra bitartekaria da guk landu behar ditugun helburuetara iristeko; laguntzaileak dira. Azkenean, parte hartzen dute bitartekari moduan helburu fisikoak, terapeutikoak, kognitiboak, sozialak edo emozionalak lantzeko. Adibide bat jartzeko, lanketa fisikoa izan daiteke besoa mugitzea, eta oso aspergarria edo astuna izan daiteke; bestalde, txakur batekin lantzea motibatzailea izan daiteke. Pertsonak makila bat edo pilota bat botako dio txakurrari bila joateko, gero sari bat emango dio ekartzen duenean, eta horrela besoa mugitzen ariko da.
Beste adibide bat Dementzia Bizitzen proiektua da. Bertan parte hartzen dut, eta hemen badago elkarte bat Buru Bihotzez izena duena, Inmakulada Lanbide Ikastolarekin lankidetzan aritzen dena Alzheimerraren inguruan. Ikuspegi ezberdinetik heltzen diogu hainbat profesionalek: musikoterapia, fisioterapia, psikologoak, Muxukan... Azkenenean denok ari gara lantzen gauza berdinak, baina ikuspegi ezberdinetik. Adibidez, Alzheimerraren inguruan, memoria lantzea, arreta eta kontzentrazioa sustatzea, lotura emozionalak garatzen ditugu, besteak beste, helburu bezala.
Nola egiten duzu zehazki zuri dagokizun lana?
Nik hamabost urtean asko ikasi dut, baina oraindik asko dut ikasteko. Niri txakurrek asko erakutsi didate... Animaliekin egiten den terapiaren mundua oraindik ez dago arautua, eta bakoitzak bere modura egiten du. Obserbazio handia dago, intuizioa pitin bat ere, eta garrantzitsuena dena, pertsonari berari uztea espresatzen bere modura. Ohitura handia daukagu jendea bideratzeko, eta esateko txakurrarekin modu honetara edo bestera erlazionatzeko. Agian pertsona horrek ez du hori behar. Kontuan izan behar da nik lan egiten dudala hainbat kolektibotako pertsonekin, eta gehienek ez dute hitz egiten. Askok kognitiboki ez dituzte ulertzen gauza asko, eta beste hainbati agian ahaztu egiten zaie, dementzia motaren bat dutelako. Edozeinekin landu ditzakezu, eta gauza asko; kontua da askotan lan egiten duzula behar gehien dutenekin edo aukera handirik ez dutenekin, denetik probatu ondoren; eta beraz, kasu gogorrak edo muturrekoak izaten dira. Beraz, kasu hauetan, obserbazioa eta intuizioa asko lantzen da, eta ikusten da nola komunikatzen den pertsona bakoitza, hitz egiten duen ala ez kontuan hartu gabe.
Eta txakurrak zer egiten du?
Txakurrak lanketa errazten laguntzen du, eta nire lana da hor parte hartzea, baina ez gidatzea: gertatzea naturalki gertatu behar duena. Batzuetan laguntzen dut txakurrari esanez non jarri eta zer egin, proba ezberdinak eginez, baina beti pertsona errespetatuz. Adibidez, nik pertsona batzuekin distantzia batera egiten dut lan, ez dutelako nahi pertsona batekin kontaktuan egon, baina txakurrari uzten diote gerturatzen. Eta gero, pertsona bakoitzak denbora ezberdin bat behar du; azkenean konexio bat egon behar du, eta hori ez da behartu behar. Batek denbora gutxiago behar du, eta beste batek gehiago, baina gero konektatzerakoan pauso handiak ematen dituzte.
«Azkenean konexio bat egon behar du, eta hori ez da behartu behar»
Txakur arraza mota jakin batzuk egokiagoak dira lan hauetarako?
Izan nuen lehen txakurra labrador arrazakoa izan zen. Terapietan asko erabiltzen dira, baina ez da arraza kontua, izaera kontua da. Txakurrak orekatua izan behar du. Ezaugarriei dagokionez, batzuetan tamaina handikoak behar ditugu, besteetan berriz txikiak, eta berdina gertatzen da txakur lasai eta mugitu batekin. Esan ohi da ilunak diren txakurrak ez erabiltzeko; iluna gauarekin-eta lotzen delako, eta horrek gero hainbat pertsonei beldurra edo errespetu gehiago sortzen dielako. Nik txakur beltz bat aukeratu nuen, hamabost urtean ez da horrelakorik gertatu. Lan egiten dudan kolektibo batzuetako pertsona batek agian, ezin du ikusi kolore jakin bat, gorria demagun, eta ezin duzu kolore horrekin jantzita joan; horrelakoak gertatzen dira.
Eta txakurrarentzat zer suposatzen du lan hau egiteak?
Esan izan da txakurra ez dugula kontuan hartzen. Hori ez da horrela, eta hau aipatzea garrantzitsua da. Txakurra kotxetik atera eta korrika joaten da, gustura, lanera goazen lekura. Horrek ematen dizu informazioa. Egiten duzun lanketaren arabera, txakur bat edo beste bat eramango duzu. Gero ariketak egiterakoan, agian bost minutu geldirik egon behar du, eta hori lanaren parte da; nekatu daiteke gauzak egiten, baina ez du gaizki pasako. Gaizki pasatzen dutenean taldez aldatzen da, eta orokorra bada jubilatu egiten dira.
Aipatu duzu beste profesional batzuekin aritzen zarela.
Ni profesional askorekin aritzen naiz elkarlanean. Saioaren helburua beste profesionalek jartzen dute, eta ni joaten naiz txakurrarekin. Nik galdetzen diet zer landu nahi duten, eta gero nik ikusten dut zer egin, nola jokatu. Azkenean, sormena erabili behar da ariketa jakin batzuk pentsatzeko. Mila modura egin daitezke, txakurra hor dago laguntzen, bitartekari moduan, kasu bakoitzean egin behar den lanketa errazteko. Esparru askotan egon daiteke. Adibidez, parte hartu izan dugu proiektu batean, epaitegietako topaguneetan. Seme-alabak bertara joaten dira bananduta dauden gurasoetako batekin egotera. Haurrak normalean urduri joaten dira, eta txakurrek laguntzen dute haurrek leku horretan gustukoa duten zerbait aurkitu dezaten. Epaiketa batean txakur bat ondoan izateak laguntzen du. Edozein lan egin ondoren txakurrak bere aisialdi denbora behar du, eta horren ardura nirea da, eta nik nire metodologian sartu egiten dut hori. Niretzako oso garrantzitsua da bi aldeak gustura egotea: pertsonak eta txakurrak. Bestela egoerak ez du aurrera egingo eta.
Zer ekarpen egiten dute txakurrek lan hauetan?
Askotan gauza oso interesgarriak aterako dituzte pertsona ezberdinetatik. Zuk gidatzen baduzu, eta sartzen bazara, ez duzu lortuko. Utzi behar diozu txakurrari berari izaten. Uzten badiozu magikoa izaten da, pertsonek ere hori nabaritzen dutelako. Horren arabera erreakzionatzen dute. Adi egon behar naiz ezer ez dela gertatzen ziurtatzeko; nire lana bideratzea da eta denontzat esperientzia polita izatea.
Oraindik ez da lan gisa ulertzen. Norbaitek ikusten zaitu txakurrarekin eta pilota batekin lan egiten, eta agian ez da jabetzen zenbat gauza lantzen ari garen. Izan daiteke pertsona bat ezin dena mugitu, eta irribarre bat egiten du; badu hori asko izan daiteke. Gainera, atentzioa jartzen ari da, txakurrak zer egingo ote duen begiratuz, eta alde kognitiboa landuz. Gero agian txakurra gainera igoko zaio eta barrez hasiko da, eta hor alde emozionala ere lantzen ari da...
Eta zuri zer ekarpen egin dizu txakurrekin lan egiteak?
Ematen dizute aukera edozein kolektiborekin lan egiteko. Ezintasun sakona duten pertsonekin lan egitea, edo hilzorian dagoen jendearekin; psikiatriko batean lan egitea ez nuen aurretik pentsatu ere egingo, eta txakurrarekin aukera izan dut horretarako. Txakurrak erakusten dit beste ikuspuntu bat pertsona horiekiko, eta hori oso interesgarria da. Beste begi batzuetatik egoerak ikustea, hori bai dela magikoa. Nahiko nuke bizitza haiek ikusten duten lekutik ikustea.