Zortzigarren salaketa jarri dute Tolosako osteopataren aurka

Ataria 2024ko otsailaren 28a

Urtarrilean sei salaketa jarri zituzten, eta otsailean beste bi salaketa jarri dituzte, sexu erasoak egotzita.

Guztira zortzi dira Tolosako osteopataren aurka sexu erasoak egotzita jarritako salaketak. Urtarrilean sei salaketa jarri zituzten haren aurka, eta otsailean beste bi jarri dituzte.

Oriako ertzain-etxeko agenteek sexu-eraso baten ustezko egilea delakoan atxilotu zuten osteopata urtarrilaren 21ean. Ondoren, atxilotuaren kontsulta miatu zuten, ikertzen ari diren gertaerekin lotutako ebidentzien bila. Atxilotua eta polizia-eginbideak Tolosako Epaitegiaren esku utzi zituzten, eta epaileak kargupean aske utzi zuen atxilotu eta bi egunera. Salaketen arabera, gertakarien ustezko egileak masaje-saioa hasten zuen bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe.

Otsailaren 2tik atxilotuta dago osteopata. Egun horretan, epaitegian deklaratu zuten haren aurka salaketa jarritako lau emakumek, eta baita berak ere. Ondoren epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!