Hilobi gehiago eta komun irisgarri bat, Tolosako hilerrian

Ataria 2024ko otsailaren 28a

Eremu horretan irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da udala; 140 horma-hilobi, 114 kolunbario eta 60 hezurtegi berri eraikiko dituzte guztira, lau modulutan banatuta.

Tolosako Udala hilerria eraberritzeko lanak egiten ari da azken asteotan, besteak beste, bertan eraikita dagoen espazioa handitu eta eremuko irisgarritasuna hobetzeko. 

Hilobi berriak eraikitzea izango da lan nagusienetako bat: 140 horma-hilobi, 114 kolunbario eta 60 hezurtegi berri eraikiko dira guztira, lau modulutan banatuta. Eraberritze lan horiek 1.246 metro karratuko azalera hartuko dute, baina lursail horren zati handiena lorategi modura mantenduko da.

Eraberritze lanekin batera, eremuko irisgarritasunari ere heldu dio udalak, sarrera-irteera baldintzak hobetu asmoz. Gaur egun, eremuak koskak ditu eta ez dago oinezkoen espaloirik. Hori dela eta, gainbide edo pasabide altu bat eraikiko dute oinezkoentzat, hilerriko eraikinaren maila bera izango duena. Horrela, aparkalekutik hilerrirainoko ibilbidea irisgarria izatea bermatuko da, koska edo bestelako oztopo arkitektonikorik gabea, alegia. Pasabide altuak, gainera, inguruan dabiltzan ibilgailuen abiadura murrizteko balioko du, oinezkoen segurtasunaren mesedetan. 

Sarrerako eraikinaren barruan gaur egun erabilerarik ez duen biltegi batean obra egin eta komun irisgarri bat eta aldagela bat sortuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!