Belabietako bataila gertatu eta ia hiru hilabetera, Tolosan zeuden soldadu liberalek ihes egin behar izan zuten, soldadu karlisten beldur, tolosar askorekin batera. 1874ko otsailaren 28an gertatutakoaren argazkirik ez dago, baina bai gaur arte ezezaguna zen ilustrazio ikusgarri bat.
Pasa den abenduaren 9an II. Gerra Karlistan gertatutako Belabietako batailaren 150. urteurrena bete zen. Jakina denez, garai hartan Espainiako Gobernuko soldadu liberalek Gipuzkoako barnealdean beren menpe zuten herri bakarra Tolosa zen eta hilabeteak zeramatzaten soldaduz inguratuta.
Janaria eta munizioak helarazteko, Hernani eta Andoain aldean zegoen armada liberalak Belabietako gainetatik bidea irekitzea erabaki zuen, Villabonako errepidea guztiz itxita zegoelako. Belabietan, ordea, milaka soldadu karlista zain zituzten eta bien arteko borroka gogorra gertatu zen abenduaren 9an.
Bataila hura II. Gerra Karlistako handienetakoa izan zen. Gertakaria ikertu duen Karlos Almorza Aranzadiko kideak jasotako datuen arabera, guztira 14.000 bat soldadu bildu ziren Belabietako guda-zelaian, eta horietatik, gutxienez 600 hil ziren.
Eraso horri esker, liberalek Tolosan zeuden soldadu eta herritarrei janaria eta munizioak helarazteko bidea zabaltzea lortu zuten, baina zortzi egunetara karlistek berriro itxi egin zuten. Egoera horretan bi hilabete eta erdi iraun zuten, izan ere, otsailaren amaieran armada liberalak Bilbora zuzendu behar izan zituen bere ahaleginak eta ezin izan zuten Tolosa mantendu. Hortaz, otsailaren 28an, Tolosa ebakuatzea erabaki zuten.
Egun hartan gertatutakoaren argazkirik ez dago, nahiz eta garai hartan dagoeneko argazkilariak lanean aritu, baina gehienetan kamera aurrean geldirik jarritako pertsona edo taldeei argazkiak eginez. Batailen irudiak, aldiz, ilustrazioen bidez iritsi zaizkigu eta horietako bat da Tolosako hustea erakusten duena.
Orain arte ezezaguna zen irudia garaiko prentsan aurkitu dugu, zehazki Illustrirte Zeitun (egunkari ilustratua) izeneko aldizkari alemaniarraren maiatzeko ale batean. Orrialde osoko ilustrazioa da, eta bertan soldadu liberalak eta herritarrak Tolosatik alde egiten ikus daitezke. Argazki oinak halaxe azaltzen du: Espainiako borroka karlista: Tolosako biztanleen exodoa, Loma jeneralaren tropek lagundurik, otsailaren 28an.
Zuri-beltzeko irudi ikusgarri horretan, soldaduak oinez eta herritar batzuk zaldi eta asto gainean ikus daitezke, euripean, bonbardaketek eraitsitako etxeak atzean utzita. Beren ondasunak gurdi gainean daramatzaten herritar batzuk ere azaltzen dira, baita umeak besoetan daramatzaten emakumeak ere. Bide bazterrean dagoen gurutze baten aurretik igarotzean erregu egiten duten pertsona batzuk ere ageri dira. Irudi ikusgarri honek ondo baino hobeto erakusten du garai hartan herritarrek gudaren eraginez bizi behar izan zuten egoera latza.
EGUN BAKARREAN 600 PERTSONA HIL ZIRELA USTE DA
Bigarren Karlistaldi betean, karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua izan zen Belabietako mendiaren magalean, Tolosaldean, 1873ko abenduaren 9an. 14.000 soldadu inguru aritu ziren borrokan, eta egun bakarrean seiehun lagun hil zirela zenbatu zuten, orduko dokumentuen arabera.
1873an, karlistek Gipuzkoaren zatirik handiena hartua bazuten ere, liberalen eskuetan zegoen Tolosa. Antonio Lizarraga jeneralak orduko Espainiako errege Karlos VII.ari hala proposatuta, Tolosa setiatzea erabaki zuten; komunikazio guztiak etenda eta elikagaiak eskuratzeko modurik gabe, liberalek amore eman zezaten nahi zuten karlistek. 1873ko irailaren 16an Tolosa setiatu zuten karlistek, eta Belabieta inguruko parajeetan egon ziren abendura arte, mugitu gabe. Berastegiko udal artxiboko agiri batean topatu dute batailaren biharamunean 125 lagun kontratatu zituztela Belabietatik hildakoak eta zaurituak jaisteko.
Jose Maria Loma jeneral liberalak, ikusita plaza ez galtzeko ezin zuela setioa eten Tolosa barrutik, Domingo Moriones jeneralaren laguntza jaso zuen. Honek Iruñetik Logroñora zihoazela sinestarazi zuen, baina, Belatetik Barrena Belabietara iristea zen bere asmoa. Horela, kainoi, fusil eta baionetez armaturiko milaka soldadu iritsi ziren bertara.
Tropa karlistek, baina, liberalak gelditzea lortu zuten, bertan eman zen bataila odoltsuan.