Zaldien markatze-prozesuaren irudiak

Ataria 2024ko otsailaren 28a

Bihartik aurrera, Javier Ortiz argazkilari tolosarraren ‘Rapa das bestas’ erakusketa ikusgai izango da Aranburu Jauregian, apirilaren 6ra bitarte. Irekiera ekitaldia bihar izango da, 19:00etan, eta bisita gidatua eskainiko du egileak berak.

Bihartik aurrera, erakusketa berri bat zabalduko dute Aranburu Jauregian. Javier Ortiz argazkilari tolosarrak, Rapa das bestas argazki erakusketa jarriko du ikusgai, apirilaren 6ra bitarte. Asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da 17:30etik 20:30erako ordutegian. Dena den, bihar, erakusketaren irekiera ekitaldia egingo da 19:00etan, eta egileak bisita gidatua eskainiko du, erakusketako argazkien inguruko azalpenekin. 

Erakusketa hau, izen bereko Galiziako ohituran oinarritua dago. Mendian libre bizi diren zaldiak bildu, itxitura duen hondar-gune edo plaza batean sartu, harrapatu, markatu eta beren bizilekuetara bueltatzen dituzte. Erakusketak, prozesu horretako argazkiak jasotzen ditu. 

Kondairak dionez, ohitura honek Sabucedo (Pontevedra) herrian du jatorria. Bertan bizi ziren bi ahizpek, bi behor (bestak) eskaini zizkioten San Lorentzo parrokiako zaindariari, izurriteen aurrean babestu zitzaten. Izurritearen mehatxuak iraun zuen denboran, bi ahizpak txabola batean babestu ziren, eta behin izurritea igarota, emandako hitza betez, bi behorrak eman zizkioten herriko erretoreari. Honek mendian aske utzi zituen eta denborarekin behorrak ugaldu egin ziren inguruko mendietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!