Aurrera doa Tolosatzen Eskola Irekiaren egitaraua eta datozen aste zein hilabeteotarako eskaintzaren barruan, jarraipena emango zaie emozioen lanketari eta zaintzaren lan ildoei.
Hori horrela, etzi, osteguna, haur eta nerabeen sexualitatea hizpide izango duen hitzaldia egingo du Eider Goiburuk, 18:00etan, kultur etxean. Goiburu feminista, psikologo soziala eta sexu hezitzailea da eta bere ikerketa nagusia sexismoan eta sexu osasunean zentratu du. Ostegunean, haur eta nerabeen sexualitate aske eta osasuntsua lortzeko gizarte eta norbanako gisa egin dezakegun lanaz mintzatuko da.
Martxotik aurrera 60 urtetik gorako helduen osasuna ere landuko da Tolosatzen Eskola Irekia ekimenaren barruan. Izan ere, hilabete honetan "Do, Re, Ni" tailer praktikoa jarriko da martxan, Xabier Lizaso piano-jotzaile eta ikertzailearen zuzendaritzapean, garunaren osasuna lantzeko. Martxoaren 12tik abenduaren 17ra bitartean garatuko da, eta asteartero ordu eta erdiko saio bat gidatuko du musika eskolan; 09:00etatik 10:30era euskaraz izango da, eta 10:30etik 12:00etara gazteleraz. Egitasmoak neurozientzia eta musika uztartzen ditu eta helburu du musikaren bitartez garuna estimulatzea pertsonen garapen pertsonalean eragiteko. Izen ematea oraindik zabalik dago, udal webgunean.
Martxoan ere gazteei zuzenduriko hitzaldi zikloa izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Treba Gazteak egitasmoaren barruan. Udalaren babesarekin, martxoaren 2an, 9an eta 16an, Stop Antsietatea: ahalduntze eta emozioen kudeaketa deituriko doako hitzaldi zikloa eskainiko da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, 10:00etatik 13:00etara, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastetxean.
Bihar, pantailen eraginaz
Bihar, Tolosako Udalak eta Altxa burua elkarteak antolatuta, Pantailaren eragina ikusmenean eta ahozkotasunean haurtzarotik mahai-ingurua egingo dute, udaletxeko areto nagusian. 17:30etik 19:00etara izango da, euskaraz eta gazteleraz, eta ondorengo hizlariek parte hartuko dute: Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi (mediku pediatra), Susana Lopez de Murillas Arenaza (optiko-optometrista) eta Itziar Portabales Fernandez (logopeda).