Sari berri bat Jon Esnaola Agirrerentzat

Ataria 2024ko otsailaren 26a

Musikagile tolosarrak Zarzuela Antzokiaren eta Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren III. Konposizio Saria irabazi du, ADAŔA obragatik. Iberia laukoteak estreinatuko du maiatzaren 28an, 'Notas del Ambigu' zikloaren barruan.

Jon Esnaola Agirre musikagile tolosarrak sariak pilatzen jarraitzen du. Oraingoan, Madrildik jaso du aitortza, ADAŔA obragatik. Zarzuela Antzokiaren eta Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren III. Konposizio Saria irabazi du, beste lau musikagileren obra banarekin batera. Juan Cubillas Boladoren Harietarako diptikoa, Francisco Sebastián Linares Garridoren ZN, Joan Requena García Behelainozko paisaia eta Miguel Álvarez Aniorteren Kairós. Guztiek ere, harizko laukoterako sortutako obrak aurkeztu behar izan dituzte.

Bi fase izan ditu sariketak. Lehen fasean, estatu osoko goi-mailako musika kontserbatorioetako ikasleek parte hartu zuten. 2023-2024 ikasturtean Konposizioa edo Sonologia espezialitatean matrikulatutako ikasleak edo azken bi ikasturteetan aipatutako kontserbatorioetako batean diziplina horretako goi-mailako titulua lortu dutenak izan dira aurtengo sarirako hautagaiak. Kontserbatorio bakoitzak bere obra aukeratu zuen, eta Musikeneren kasuan, Esnaolarena hautatu zuten. Bigarren fasean, sariketara aurkeztutako obra guztietatik bost aukeratu zituen epaimahaiak, tartean, tolosarrarena.

Saritutako bost konposizioak Madrilen entzun ahal izango dira. Hain justu, maiatzaren 28an Iberia laukoteak 'Notas del Ambigu' zikloaren barruan Zarzuela antzokian egingo duen kontzertuko programa osatuko dutelako. ‘Espainiar musika garaikidea’ izango da kontzertuaren izenburua.

Epaimahaiak aurkeztutako obra guztien «goi-mailako lana» nabarmendu du. Hauek izan dira epaimahia osatu duten kideak: Teresa Catalan musikagilea eta 2017ko Musika Sari Nazionalaren irabazlea, Marta Peño Iberia laukoteko biolin-jolea; Jose Miguel Perez-Sierra Zarzuela antzokiko musika-zuzendaria eta Miguel Galdon antzokiko zuzendari laguntzailea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!