Doñana natur parkea hizpide duen saioa izango da Tolosan, martxoaren 1ean

Ataria 2024ko ots. 23a, 14:35

Gnat, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren barruan eskainiko dute.  Saioa doan izango da, baina gonbidapena eskuratu behar da Topic-eko webgunean eta egunean bertan, zentroko leihatilan.

Zinearen bidez natura sakon aztertzea eta gizakiaren eta bere ingurune naturalaren arteko lotura indartzea ditu helburu, besteak beste, Gnat, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Kultura Departamentuek antolatutako erakusketaren IV. edizioa otsailaren 27tik martxoaren 1a bitartean ospatuko da eta guztira, lau film eskainiko dituzte: Amalur, Con el oído del buho, Hijos del hielo eta De parque en parque: Doñana. Lehen hirurak Donostian eskainiko dituzte eta azkena Tolosako Topic-en. Martxoaren 1ean eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, eta horrela emango diote bukaera Gnat erakustaldiari.

Doñana hizpide
Tolosan martxoaren 1ean beraz, Doñana hizpide izango duen Doñana saioa: kontserbazioari eusten saioa eskainiko dute. Lehenbizi RTVEk ekoiztutako 50 minutuko iraupena duen filma eskainiko dute eta ondoren, Joaquin Araujoren eta Miguel Delibesen solasaldia egongo da. Parkea eta haren ekosistemak zeharkatuko dituzte, eta aurre egin beharreko kontserbazio-arazoak ezagutarazi eta kontserbazioan gizakiak duen erantzukizunari buruz hausnarketa eragingo dute. 


Joaquin Araujo nekazari eta abeltzain ekologikoa da. 120 liburu argitaratu ditu egile gisa, 11 egilekide gisa eta 63 liburu kolektibotan parte hartu du. 2.500 artikulu baino gehiago argitaratu ditu egunkari, blog eta aldizkari ugaritan. Miguel Delibes de Castro, bestalde, Biologia Zientzietako doktorea eta CSIC-eko ad honorem irakaslea da. 1988tik 1996ra Doñanako Estazio Biologikoaren zuzendari izan zen. Nazioartean ehunka artikulu zientifiko argitaratu ditu, baita dibulgazio-liburu eta artikulu ugari ere. Ugaztunak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartearen (SECEM) sortzailea da eta Doñanako Partaidetza Kontseiluko presidentea ere bai. 

Ekitaldi guztietarako sarrerak doakoak dira, Tolosako ekitaldirako sarrerak Topic-eko webgunean eta egunean bertan Topic-eko leihatilan eskuratu ahal izango dira. Donostiako ekitaldietarako sarrerak, berriz Donostia Kultura webgunean daude eskuragarri eta egunean bertan Antzoki Zaharreko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!