Villa Sagrado Corazon etxea babesteko lehen urratsak emango ditu Tolosako Udalak

Ataria 2024ko otsailaren 21a

Katalogoaren aldaketa puntualaren hasierako onarpena izango dute hizpide datorren asteko osoko bilkuran, San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko eraikina babesteko. Etxebizitza kopurua mantenduta, bideragarria den irtenbide bat adostu dute sustatzailearekin.

Gaur goizeko Lurralde Batzordean xehetasunak azaldu eta onarpena jaso ondoren, datorren asteko osoko bilkuran eztabaidatuko da San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakian kokatuta dagoen Villa Sagrado Corazon etxea babesteko prozeduraren lehen urratsa.

Katalogoaren aldaketa puntualaren onarpena bozkatuko da datorren ostegunean egingo den osoko bilkuran. Modu horretara, 1905. urtean eraikitako erakina udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartzeko Udal Katalogoaren aldaketa puntualari hasierako onespena ematea proposatuko dute. Arartekoak maiatzean eta Eusko Legebiltzarrak azaroan, eta aho batez, eraikina babesteko eskaera ere egin zuten.

Behin hori eginda, antolamendu berria arautzeko xehetasun-azterlanaren aldaketa tramitatuko dute, udalaren eta sustatzailearen artean adostutako irtenbidearen zehaztapenak finkatzeko. Udalak adierazi duenez, xehetasun-azterlanaren helburua atzealdeko eraikinaren sestrak zein lerrokadurak aldatzea eta bolumena berrantolatzea izango da.

«Bideragarria da irtenbide hau, aurreikusia dagoen etxebizitza kopurua mantenduta, balio arkitektoniko eta historikoa duen erakin bat babestu ahal izango delako. Bide luzea egin da hona iristeko, eta oraindik ere egin beharko da, baina oinarri bat adostu dugu alde guztientzat oreka bilatuta», azaldu du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!