Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Paper Eskola bisitatu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 21a, 14:20
Jokin Bildarratz eta Jorge Arevalo Tolosaldeko LHIIko Iñaki Pakea zuzendariarekin eta Don Bosco ikastetxeko zuzendari Carlos Lizarberekin gaur.

Etorkizunean gastronomia arloko prestakuntza-zikloak bertan ezartzea aurreikusten dute, bai sukaldaritzan, eta baita gozogintzan eta konfiterian ere.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Tolosako Paper Eskolan izan da gaur goizean. Lanbide Heziketako ikastetxe honek 60 urte inguruko historia du eta paperaren industriak eskualde osoan izan duen indarraren ikurra izan da. Gaur egun, Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren egituran barneratuta dihardu lanean. Kimika arloko bi heziketa-ziklotan ari diren 53 ikasle daude ikasturte honetan. Kimika Instalazioko erdi-mailako ziklo bat eta Industria Kimikako goi-mailako ziklo bat eskaintzen dira bertan.

 

2024-2025 ikasturteari begira, Tolosako Paper Eskolak berrikuntza garrantzitsuak izango dituela esan du Eusko Jaurlaritzak. Ikasturte berriarekin batera, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sartuko da (Tolosan dago hori ere), eta titularitate-aldaketa horrekin, prestakuntza-eskaintza zabaltzen hasiko dela esan dute. Era honetan, gainera, eskualdean bertan kokatutako eta errotutako zentro integratu batetik (Tolosaldea LHII-tik) kudeatu ahal izango dira eskualdean antzematen diren prestakuntza-premia guztiak.

Hezkuntza Saila lanean ari da, eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, 2024-2025 ikasturterako Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Kimika eta Informatika arloetako ziklo eta espezializazio-ikastaro berriak martxan jartzeko eta indartzeko. Eta aurrerago gastronomiaren arloko prestakuntza-zikloak ezartzea ere aurreikusten dute, bai sukaldaritzan, eta baita gozogintzan eta konfiterian ere. Informatikaren esparrua ere indartuko dute, arlo horretako espezializazio-ikastaroak ezarriz (Adimen Artifiziala; Zibersegurtasuna; Industria Adimendunak; eta 5.0 Konektibitatea).

Ikastetxe horretan Kimikaren familiako irakaskuntzak mantenduz eta indartuz (paperaren industriari zuzendurikoak), gaur egun eraikin honetan martxan dagoen LabPaper paperaren laborategiaren funtzionamendua ere bermatuko da. Eskualdeko enpresen zerbitzura ari da LabPaper laborategia, eta pastaren, paperaren eta erlazionatutako produktuen arloetan saiakuntzak eta karakterizazio-lanak egiteko interesa duten enpresen eskura dago. Paper Eskola Indartzeko Elkarteak kudeatzen du, eta Hezkuntza Saila ere elkarte horretako kide da, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.

Paper Eskolara egindako bisitan, Bildarratz sailburua eta Arevalo sailburuordea Tolosaldea eta Don Bosco ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira, Iñaki Pakea eta Carlos Lizarbe, hurrenez hurren. Elkarrekin aztertu dituzte Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko prestakuntza-eskaintzari buruzko gai horiek guztiak, bai eta Tolosaldea LHIIn integratuko diren gune berri hauei esker eskaintza zabaltzeari buruzkoak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!