Elkarrizketa

«Tentsio-uneak bizi izan ditugu, bertako kazetariak ginelakoan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ots. 22a, 07:59

ETB-ren Latinoamerikako korrespontsalian 11 urte bete berritan, etxera itzuli da Arantxi Padilla billabonatarra. ‘Kolonbia eta tximeleta horiak’ hitzaldia eskainiko du Topic-en, 19:00etan, Amalur jardunaldien lehen saioan.

Jaioterrian ez ezik, etxean sentitzen da aste honetan Arantxi Padilla Lopez (Villabona, 1982), nahiz eta 2011z geroztik ETB-ren Latinoamerikako korrespontsalian lanean aritu; azken hamarkadan une historikoak bizi izan ditu bertan. Argi du momentua bizi behar dela, Carpe diem, eta horretan saiatzen da uneoro.

Kolonbiako egoera soziopolitikoaz hitz egingo duzu gaur. Zer da azalduko duzuna?

Duela 14 urte egin nuen salto ozeanoz bestaldera. Urte hauetan guztietan ez naiz bertan egon, baina aurten, 11 urte bete berri ditut Euskal Telebistako albistegietarako korrespontsal lanetan. Latinoamerikako egoera soziopolitikoaz ariko naiz, baina batez ere, Kolonbiakoaz. Argi daukat ez naizela politikan aditua. Kazetaria naiz, eta beraz, nire begiekin bizi izan dudana kontatuko dut: esperientzia desberdinak lotuta, azken hamarkadetan Kolonbia zer izan den, nik zer topatu dudan eta gaur egungo egoera zein den.

Zergatik 'Kolonbia eta tximeleta horiak' izena?

Tximeleta horiak Gabriel Garcia Marquezen liburu askotako protagonistak dira, eta herrialdean bertan leku askotan ikusi daitezke. Kolonbiako sinbolo izan den idazle baten hitzak herrialdeko sinbolo ere badira, eta beraz, aproposa iruditu zitzaidan, are gehiago, naturari buruzko jardunaldietan.

27 urterekin joan zinen korrespontsal Latinoamerikara eta hamarkada bat baino gehiago daramazu bertan. Apustu handia izan zen, ezta?

Ordurako telebistan ari nintzen lanean, erredaktore, eta aldi berean, Tolosako Musika Eskolan irakasle nintzen. Lasai bizi nintzen, gustura. Hala ere, honakoa pentsatu nuen: «Aukera hau suertatu bada, aprobetxatu egin behar dut. Gustatzen bazait ondo, eta bestela, itzuliko naiz». Apustu izugarria izan zen. 5.000 biztanle eskas dituen herri batetik 10 milioi biztanleko hiri erraldoi batera joan nintzen bizitzera. Dena zen berria niretzat, eta zerotik hasi behar nuen. Hasiera batean urtebeterako zen, eta begira orain.

Inoiz izan duzu etxera itzultzeko gogoa?

2016an Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. Azken hilabeteetan oso nekatuta nengoen, izan ere, hemengo ordutegiarekin aritzen ginen lanean. Oso zaila zen, eta momentu batean lana besterik ez egitera heldu nintzen. Hemen, baina, ez nintzen nahi bezala moldatu eginkizunetara. Asteburuetan egiten nuen lan, eta oso bestelako bizimodua nuen. Hiru urtez aritu nintzen, eta korrespontsal postua berriro hutsik geratu zenean, nire burua aurkeztu nuen. Kolonbian ordutegi txarra nuen, baina bizitako esperientziek eta ezagututako pertsonek merezi zutela jabetu nintzen.

Beraz, gustura aritzen zara?

Aspaldi ohartu nintzen lanean izugarri gozatzen dudala, eta hona etorri nintzenean jabetu nintzen benetan uste nuena baino zoriontsuago nintzela Kolonbian. Gainera, nire kasuan, leku bat baino gehiagotan lan egiteak bat-batekotasun puntua ematen dio; edozein momentutan aldatu zaitezke herrialdez.

Herrialde horietan pobrezia-maila altua da, eta protesta ugari izaten dira. Denetik bizi eta kontatzea egokitu zaizu.

2019an, asaldura izugarria izan zen Latinoamerikako ia herrialde guztietan. Orduan, baita gaur egun ere, arazo asko gertutik bizitzea egokitu zait, eta beraz, niretzat oso zaila izan da bertako herritarrekin bat ez egitea. Dagoeneko normaltzat dut kalera ateratzen diren bakoitzean hil daitezkeela pentsatzea. «Ez daukagu galtzekorik», esaten dute. Kalean tentsio izugarria dago; poliziaren indarkeria handia izaten da, eta herritarren erantzuna are gogorragoa. Oso polita da duten indarra ikustea. Pobreziaren gaia distantziarekin ikus dezakegu, baina protestetan zaudenean eta zenbait herritarren egoera ezagutzen duzunean, ezinbestekoa da beraiekin enpatia izatea.

Enpatia aipatuta, nolako jarrera dute herritarrek prentsarekin eta kazetariekin?

Normalean, nazioarteko kazetariak errespetu handiz tratatzen gaituzte. Gainera, beraientzako bozeramaile gara, mundu osoan bertan gertatzen denaren berri emateko tresna. Nazioarteko prentsak beste estatus bat ematen die, kanpora benetako informazioa iritsiko dela iruditzen zaielako. Bertako komunikabideekin ez dute konfiantza bera; erosita daudela edo gobernuaren alde jokatzen dutela iruditzen zaie.

Eta hala al da?

Bai. Bertako telebistan gobernuaren aldeko informazioa erakusten da gehien. Komunikabideei ezartzen zaien presioa oso bestelakoa da hemengoarekin alderatuta. Guk, adibidez, tentsio-uneak bizi izan ditugu, bertako kazetariak ginelakoan.

Inoiz egon zara arriskuan?

Askotan. Korrika alde egin behar izan dugu kargak zirela eta, baita balen aurkako txalekoa eta gasaren aurkako maskara jantzi ere.

Latinoamerikan garrantzi handia du politikak?

Bai. Hala ere, herritarrek duten sentsazioa da politikari guztiak berdinak direla, eta askotan bost axola zaie nor bozkatu, ustelkeria kasuetan botere handiena duenak irabaziko duela uste dutelako, eta gainera, pentsatzen dute irabazten duenak herritarren eskaerak ez dituela beteko. Zenbait herrialdetan nahitaezkoa da bozka ematea; bestela, isuna jaso dezakezu.

Eta beharrezkoa iruditzen zaizu euskal herritarrok Latinoamerikako egoera soziopolitikoa jarraitzea?

Oro har, gustukoa ez izan arren, beharrezkoa da politika jarraitzea eta ezagutzea, ez soilik norbere herrikoa, baita mundu mailakoa ere. Gure eskubideen inguruan hartzen dituzte erabakiak. Kolonbian, herritarren %80 baino gehiagok jarraitzen dute politika, Gustavo Petro presidente ezkertiarraren inguruan oposizio handia dagoelako.

Euskal herritarren kasuan ere, jarraipen handia du politikak. Audientzia-datuak ikusi besterik ez dago; albistegiak dira saio ikusienak, eta beraz, herritarrek informatuta egon nahi izaten dute. Oso garrantzitsua da munduan zehar euskaraz informatzen duten korrespontsalak izatea; gertutasuna transmititzen du horrek.

Erraza al da ia kontinente oso batean bakarrik lan egitea?

Kamerari bat izaten dut nirekin. Hainbeste herrialdetako informazio etengabe eguneratua izatea lan handia da. Arazoak antzekoak izan arren, desberdinak dira, eta egoera soziopolitikoa asko aldatzen da batetik bestera.

Bertara joan baino lehen amesten zenuen horrela lan egitearekin?

Inoiz ez. Tarteka, gainera, gustuko dut atzera begiratu eta 27-28 urteko Arantxi ikustea. Ziur nago bizitza tradizional bat izango nuela pentsatzen nuela, ez nuela irudikatzen nire bizitzak zenbat buelta emango zituen. Eta hori da zoragarriena, egunero sorpresa faktore horrekin bizitzea. Gaur hemen nago zurekin hitz egiten, eta asteburuan Kolonbiara itzuliko naiz, baina ez dakit zer pasako den hurrengo astean.

Gaur egun Bogotan bizi zara. Nolako bizimodua duzu bertan?

Lana dela eta, Euskal Herriko ordutegira moldatuta nabil; goiz esnatzen naiz eta goiz oheratu. Gainera, uneoro egon behar dut prest beste leku edo herrialde batera mugitzeko. Bestela, egunean zehar, gustuko gauzak egiteko aprobetxatzen dut denbora: aisialdia, txangoak, zinema, otorduak etxetik kanpo...

Hala ere, ordu asko pasatzen ditut etxean, ez lanagatik bakarrik. Oso gustuko dut etxean egotea. Gainera, Kolonbiako egoerak ere ez du bultzatzen kalean ordu asko igarotzea. Normalean, bertakoek leku itxi eta seguruetan egoteko ohitura dute, baita etxeetan elkartzeko ere, segurtasunagatik. Nora joan gomendatzeko eskatuz gero, merkataritza-guneetara bidaltzen zaituzte.

Arriskutsua al da kalera ateratzea?

Bai. Ni, gainera, geroz eta beldurtiagoa naiz. Bi txakur ditut, eta txorakeria dirudi, baina beraiekin noanean bakarrik noanean baino seguruago sentitzen naiz. Sentsazioa oso bestelakoa da. Sustoren bat edo beste izan dut, eta lapurreta kasuak ere ikusi izan ditut nire begiekin. Kaleko taxi bat hartzea ere oso arriskutsua da; hobea da aplikazio baten bitartez hartzea. Azken hilabeteetan, gainera, handitu egin da segurtasun falta. Etengabeko alerta egoeran bizi naiz.

Zerk harritu zaitu gehien bertan?

Latinoamerikako herritarren filosofiak eta poztasunak. Egoera oso desberdina da herrialde batetik bestera, baina oro har, biziraupen handiko guneak dira. Hemen etorkizunari, lanari edo oporrei begira bizi gara, eta bertan argi dute egunean egunekoa bizi nahi dutela. Etxe bat edo lan bat izatea ez da kezka-iturri beraientzat. Gu askoz segurolagoak gara.

Eta zer da bertatik jaso duzun ikasgairik handiena?

Ikasgai asko jaso ditut. Oso gutxirekin bizi eta konformatu gaitezkeela, gure eskubideak defendatu behar ditugula, ezin garela ondokoari begiratu gabe bizi eta komunitate baten parte garela. Norberak duen hori besteek ere izan behar dute; bestela ezin gara zoriontsu bizi. Ezinezkoa da batzuek pribilegioak izatea, beste batzuek oinarrizko beharrak ez dituzten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!