Kalitatezko sistema publikoa defendatzeko deia egin du TOPAk

Ataria 2024ko otsailaren 21a

Euskadi mailako osasun publikoaren aldeko plataformen koordinakundeak hiriburuetan egingo dituen mobilizazioekin egin du bat eskualdeko taldeak.

Osasun Publikoaren aldeko Herri Plataformen Koordinakundeak hiru manifestazio deitu ditu martxoaren 16rako, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde. Pribatizaziorik ez. Osakidetzako eraistearik ez lelopean.

«Osasun arreta publiko, unibertsal eta kalitatezkoa izateko eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina eskubide hori nabarmen urratzen ari da EAEn, bereziki lehen mailako arretaren narriaduragatik. Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketa eta pribatizazio politiken ondorioz, Euskadin osasun arreta egoera kritiko batera eramaten ari dira», ohartarazi dute.

«Osakidetzaren desegiteak, pribatizazioak eta murrizketek ondorio kaltegarriak dakartza, asistentzia kalitatearen narriadura oso larria, bai eta irisgarritasun arazoak ere pertsona guztientzat, bereziki egoera zaurgarrienetan daudenentzat», gaineratu dute. «Bizi izan dugu gizon baten heriotza Laudion, sendagilerik ez zuen etengabeko arreta gune batean. Horrek agerian uzten du herrialde, eskualde eta herri guztietan bizi dugun arazo estrukturala: ordutegi murrizketak, itxierak...».

EAJk eta PSEk zuzendutako Eusko Jaurlaritzari leporatu diete gizartearen eskaerei «entzungor» egitea eta «nekropolitika sanitarioa» ezarri izana. Horren aurrean, «egiturazko aldaketak»eskatu dituzte herri plataformek: «Lehen mailako arreta indartzea eta osasun sistemaren zentroan jartzea, aurrekontua gutxienez Osasun Sailaren aurrekontuaren %25era handituz eta murrizketa guztiak irauliz».

Hori guztiagatik, martxoaren 16an, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo dituzten manifestazioekin bat egiteko deia egin dute, «osasun %100 publikoa eta kalitatezkoa defendatzeko eta zaintza sistema publiko, duin eta integrala aldarrikatzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!