Igande honetan erabakiko dira Tolosaldeko Eskolarteko Xake Txapelketaren irabazleak

Ataria 2024ko otsailaren 21a

Aurreko igandean egin zuten txapelketaren lehen jardunaldia Tolosako kultur etxean, eta bigarrena eta azkena hilaren 25ean egingo dute.

Tolosako Enroke Xake Klubak antolatutako txapelketan, guztira 11 xakelari animatu dira parte hartzera, hiru mailatan. Txapelketa bi igandetan banatu da, eta lehen igandean 5 txanda jokatu dituzte eta hurrengo igandean 4 txanda jokatuko dituzte; hau da, denera 9 partida jokatuko ditu parte hartzaile bakoitzak. Txapelketa egiteko, suitzar sistema deritzona erabiltzen ari dira. Sistema horretan, irabazten doazenak beraien artean jokatzen dute eta galtzen doazenak beraien artean. Partida bat irabazitakoan puntu bat jasotzen da, galtzean 0 eta berdintzean puntu erdia. Azkenean, puntu gehien dituena da txapelduna, bigarren puntu gehiena lortu dituena bigarrena eta horrela jarraian.

Igande honetan, beraz, 10:00etan elkartuko dira Tolosako kultur etxean, txapelketaren bigarren jardunaldia egin, eta irabazleak zein diren jakiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!