Arraun norgehiagoka ikusteko aukera izango da beste behin Tolosan, Oria ibaian, TAK klubak antolatuta. Gipuzkoako Batel Ligaren bosgarren jardunaldia izango da jokoan, igandean, 10:00etatik hasita. Zerkausi paretik abiatuta, infantil eta kadete mailako batelak ariko dira lehian, erlojupekoan. Jubenil mailakoek ez dute parte hartuko, ez baitago hainbeste lekurik batel guztiak bertan izateko. Gipuzkoa barrualdean egiten den jardunaldi bakarra da. Kike Mokoroa TAK klubeko kideak azaldu duenez, «klubetik beti ahalegin handia egin dugu jardunaldi bat Tolosan hartzeko, baina horrek gero lan handia suposatzen du. Parte hartzaileak ere gustura etortzen dira zerbait berezia izaten delako».
Gipuzkoako Ligan TAKeko bederatzi batel ari dira lehian. «COVIDa dela eta beherakada bat izan genuen klub bezala, eta beste bat presa martxan izan ez zen garaian», azaldu du Mokoroak. «Egun berriz ere orain dela lau-bost urte genituen emaitzei erreparatzen ari gara, eta oso kontentu gaude ikusita zer lortzen ari garen».
Tolosaldea trainerua erreferente izanik, neska gehiagok ematen dute izena klubean eta batel gehiago ateratzeko aukera dute. Laugarren jardunaldia jokatu zen aurreko asteburuan, eta horren ondoren, infantil nesketan bigarren postuan dago Tolosaldea B eta hirugarrenean Tolosaldea A. Kadete nesketan hirugarren postuan dago Tolosaldea A ontzia. Jubenil nesketan, berriz, Tolosaldea B bigarren doa eta Tolosaldea A hirugarren. Mutiletan jubenil mailan bakarrik ari da lehiatzen Tolosaldea eta lehen postuan dago. «Pozik egoteko emaitzak dira. Liga hasi besterik ez da egin eta oraindik jardunaldien erdiak baino gehiago geratzen dira», zehaztu du Mokoroak.
Bestalde, Tolosaldea traineruak orain gutxi egin den Orioko jaitsieran parte hartu zuen eta hirugarren postuan helmugaratu zen. Euskotren Liga parekatua izatea espero da aurtengoan.