‘Bertsopentsiotan’ lehiaketako sariak banatuko dituzte Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 20a, 07:59

Guztira 57 lan bildu dituzte eta sariak martxoaren 1ean banatuko dituzte Zerkausian egingo duten ekitaldian; bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude, 15 euroan.

Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak jarri zuen puntua, eta Euskal Herriko zein diasporako pentsiodunei eta 60 urtetik gorakoei egin zien hori erantzuteko gonbita. Orain, erantzuteko animatu direnen artean sariak banatzeko txanda iritsi da. Izan ere, Bertsopentsiotan izeneko Pentsiodunen Bertso Jarrien Lehiaketa antolatu du lehenengoz mugimenduak, pentsioen gaian sakontzeko aukera eskaini eta, «bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisa».

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sei urte daramatza astelehenero kaleak hartzen eta urtero dei berri bat sortzen dela azaldu du Iñaki Elduaien mugimenduko kideak: «Orain arte bizikleta martxak antolatu ditugu, baina mugimendua euskaldun askok osatzen dugun arren, ikusi genuen beste asko ere badaudela ez direnak euskaldunak eta hortik abiatu zen bertso lehiaketa antolatzeko ideia». Honela, Bertsopentsiotan lehiaketak euskara, kultura eta bertso mundua uztartzen ditu.

Lanketa Bizkaian hasi zela kontatu du Elduaienek, «eta ondoren Euskal Herri guztia hartzen zuen talde bat osatu zen. Lana nahiko isila izan da, baina emaitza oso onak jaso ditugu». Aurkeztutako lanei dagokienez, gutxienez hiru eta gehienez sei bertsoko sortak izan behar ziren, neurri librean eta, ahal zela, erabilitako doinua zehaztuta. Honela, guztira, 57 pertsonek aurkeztu dituzte bertsoak idatziz, pentsiodunen aldarrikapena gai moduan hartuta.

Bazkarirako txartelak salgai

Lehiaketaren sari banaketa «ekitaldi publiko eta zabal baten bidez» egingo dutela adierazi du Elduaienek, «ekitaldi klasikoetatik urrunduz eta festa giroan murgilduz». Sarituek ez dute diru saririk izango, baina euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Tolosako Zerkausian egingo dute ekitaldian, martxoaren 1ean. Parte-hartzaile guztiak gonbidatuko dituzte, eta sarituen bertsoekin batera, egun «punta-puntakoak» diren bertsolarien bat-bateko saioaz gozatzeko aukera ere izango da.

Horrez gain, egun horretan ere bazkaria egingo dute eta horretarako interesa dutenek txartelak aurrez erosi beharko dituzte, 15 euroan. Horretarako, batetik, datorren astelehenean, berriro Tolosan egingo duten bilkuran izango dira salgai, eta bestetik, 679 440 515 (Iñaki) zenbakira deituta ere erosi daitezke. Ekitaldirako gogotsu daudela jakinarazi du Elduainek: «Bizkaitik bi autobus etorriko dira eta 300dik gora pertsonak eman dugu izena dagoeneko. Hemendik aurrera plazaz plaza falta direnak animatzen jarraituko dugu».

Pentsionistak dekretu berriaren aurka

Astelehenero bezala, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera irten zen atzo. Hamabostero biltzen dira Tolosako udaletxe atarian, eta atzokoan ere Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi Nahi, Duintasuna eta Oneka taldeetako kideek bat egin zuten hitzorduarekin.

Eusko Jaurlaritzak onartu duen Euskal Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) arautzen dituen dekretua apirilean sartuko da indarrean, eta enpleguari lotutako pentsio osagarriak arautu dituzte. Zehazki, lehentasunezko BGAEak; hau da, enplegatzaileen eta langileen ekarpenarekin hornitzen diren pentsio planak. Horietako hiru daude gaur egun: Geroa, Elkarkidetza, eta Lagun Aro.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hainbat aldiz adierazi du honen aurkako iritzia, eta atzo ere hala egin zuen: «Langileen artean desberdintasunak sortzen dituztelako; Gizarte Segurantza publiko eta kaudimendua izatearen garrantzia ahultzen dutelako; eta, gainera, gizarteak egiten duen ekarpenetik kendutako laguntza fiskalekin, kalitatezko zerbitzu publikoak murrizten direlako».

Horrez gain, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak orain dela egun batzuk jakitera eman zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 18.212,5 milioi euro bildu zituztela 2023an, aurreko urtean baino 1.081 milioi gehiago, hau da, %6,3ko igoera. Datu horien aurrean, mugimenduak haserrea adierazi zuen, «beste behin ere, aurrekontuak finantzatzeko erabiltzen diren zerga gehienak PFEZ eta BEZaren bidez ematen ditugu langileek, pentsiodunok eta gainerako herri-sektoreek».

Hala ere, esan zuten foru aldundien eta Gasteizko Gobernuaren mendeko ogasunek uko egiten diotela gehien dutenek gehiago ordaintzeko zerga-erreforma bat egiteari, «gastu sozial edo inbertsio gehiagoko aurrekontuak ahalbidetuz, adibidez, 1.080 euroko gutxieneko pentsiorako osagarri izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!