ERREPORTAJEA

Musika doinuak hitzen aginduetara

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 23a, 07:59

Joserra Senperena eta Maite Arruabarrena izango dira Topic-en. ATARIA

Lied koadernoa 30 kantuz osatutako diskoa osatu dute Joserra Senperenak eta Maite Arruabarrenak, eta bihar eskainiko dute emanaldia Tolosako Topic-en; sei euskal poeten poema musikatuak entzun ahal izango dira kontzertuan, kantari liriko baten ahotsean.

Zazpi euskal olerkariren 30 poema musikatu ditu Joserra Senperenak (Donostia, 1965) Lied koadernoa diskoan eta Maite Arruabarrena mezzosopranoaren ahotsarekin eman ditu argitara. Bihar aurkeztuko dute diskoa Topic-en, 19:00etatik aurrera. Kantari lirikoa eta pianoa izango dira oholtza gainean.

Orain arteko bere musika ibilbidean, kantu gehienak sortzeko prozesuan, lehenengo pausoa musika idaztea izan dela aitortu du Senperenak, eta gero etorri direla letrak. «Melodiak letra baldintzatu du». Alderantzizko ariketa egin nahi izan du Lied koadernoa lanean eta poemak hartu ditu abiapuntutzat: «Letrari eustea izan da erronka, poemak entzun eta esploratu nahi izan dut zein soinu paisaietara irisi nintekeen kantu hauekin».

Aldarri hori ere egin nahi izan du musikari donostiarrak diskoa aurkezterakoan, kantuak egin nahi izan dituela berretsi du. «Akordatu naiz, adibidez, Mikel Laboak nola kantatzen zituen Joxan Artzeren poemak, nola kantatzen zituen Joan Manuel Serratek Antonio Machadorenak. Zergatik jarri zizkieten hitz haiei nota horiek, eta ez beste batzuk?». Prozesu bera esperimentatu nahi izan duela aitortu du Senperenak, lehen planora ekarri nahi izan dituela hitzak eta hitz horiek inguratzeko melodiak sortu nahi izan dituela.

Horretarako zazpi euskal olerkariren poemak hartu ditu oinarritzat, 30 kantu egiteko. «Idazle diren zenbait laguni gomendioak eskatu nizkien, zein izan ote zitezkeen lan honetarako poeta aproposak. Hainbat izen aipatu zizkidaten, eta oso poesia liburu interesgarriak topatu nituen, baina lan horietan ez nuen egin nahi nuenaren neurria topatzen», esan du Senperenak. Bere ohiko liburu dendan Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere poema liburua eskutan hartu eta Zeure poema irakurtzerakoan ikusi zuen hori zela berak osatu nahi zituen kantuen neurria.



Behin Zabalarena aukeratuta, atzetik etorri zitzaizkion gainerakoak ere. Gogoan du Senperenak, diskoa prestatzen ari zela, Josu Goikoetxeak Euskadi Irratian astean behin poesiaren inguruko tartea egiten zuela, eta haren bitartez ezagutu zituela beste hainbat poeta ere. «Momentu batean erabaki nuen saio horiek guztiak entzutea eta apunteak hartzea. Izen asko deskubritu nituen modu horretara». Hain zuzen, Zabalarenak eta Goikoetxearenak baliatu ditu kantuak sortzeko, baina baita, Mari Luz Esteban, Leire Bilbao, Itziar Ugarte, Goizalde Landabaso eta Jon Gerediagarenak ere. Zazpi poeta eta 30 poema.

Behin diskoa bukatuta, poeta hauek lana gustura jaso dutela esan du Senperenak. «Nolabait poeta baten lana musikari batek hartzen duenean, edo musikari baten lana zinemagile batek, norberaren obra berriro pizten da. Bigarren bizitza bat ematen zaio aurretik sortutakoari». 30 kantu bildu ditu Lied koadernoa lanean baino gehiago konposatu ditu. «Horrela egiten dut lan. Behar dudana baino gehiago konposatzen dut, gero hautatu ahal izateko. Irizpide garbirik gabe, saiatu naiz kanturik onenak aukeratzen eta horien arteko oreka hartu dut kontutan diskoak batasun bat izan zezan».

Kantu laburrak dira sortu dituenak. Poema soilak dira, bertso irregularrak dituztenak, errimarik gabekoak askotan. Ez dute ez estrofarik, ez errepikarik. «Elkarren artean oso diferenteak dira gaiari begiratuta. Maitasunez hitz egiten dute poema horietako batzuk, eta badaude heriotzaz, desiraz eta egunerokotasunaz ari direnak. Denetarik dago», aipatu du Senperenak. Kantu guztietan «hitzek agintzea» lehenetsi du.

Generoa gaindituz

Duela pare bat urte Donostiako udal txistulari taldearen kontzertu batera joan eta han entzun zuen Senperenak nola soprano batek Pablo Sorozalen hiru lied kantatu zituen. «Asko gustatu zitzaidan, eta pentsatu nuen kantuaren inguruan gaur egun dudan kontzeptua ez dagoela hortik horren urrun».

Liedak ahots bakarrerako eta pianorako konposatutako kantuak dira, poema lirikoetan oinarrituak eta Alemaniako erromantizismo garaian famatuak egin ziren. Erdi oharkabean gerturatu da Senperena korronte klasikoagoetara: «Goi mailako piano ikasketak egin nituenean jo nituen liedak, baina beste noranzko batean joan da nire musika ibilbidea, barrokoan, klasikoan edo erromantikoan baino», aitortu du musikariak.

 

Joserra Senperena: «Garbi utzi nahi dut, ez da estilo ariketa bat, liedak egin ditut baina guztiz libre, ez kanon bati segika»



Kantuak sortzerakoan liedek duten interpretazio molde horrek erakarrita ekin zion Senperenak disko berria prestatzeari. «Garbi utzi nahi dut, dena den, ez dela estilo ariketa bat. Liedak egin ditut, baina guztiz libre, ez kanon bati segika». Ikasle garaian bere diskotekan zeuden Schubert eta Schumannen liedak, generoaren gailurtzat jotzen direnak hartu ditu inspiraziotzat. «Melodien berotasun eta sinpletasunak eta horiekin batera doan pianoak erakartzen nau». Klasikoetan jarri du begi bat, eta bestea, Pablo Sorozabalen eta Jesus Guridiren lanetan. «Eta horiekin batera pop kantuen arkitekto handiak diren Paul McCartney edota Paul Simon bezalakoak hartu ditut erreferentziatzat. Horiek guztiak dabiltza bueltaka nire barruan eta horrekin guztiarekin moldatu ditut kantuak».

Askotariko erreferentziak aipatu ditu Senperenak eta gogora ekarri du Imanol Lazabalekin batera musikari profesional gisa ibili zen garaia. «Norbaitek esan zuen haren estiloa lied klasikora hurbiltzen zela, eta ez da harritzekoa, haren ahotsaren kalitatea eta Karlos Jimenez pianistaren klasizismoa kontuan hartzen badira».

Mezzosopranoaren laguntza

Lied koadernoa diskoa poesiatik abestiak sortzeko premia berezitik jaio da eta generoaren «eguneratzea eta errebalorizatzea» lortu nahi izan dituela aipatu du musikari donostiarrak. Eta harago jo nahi izan du, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren interpretazioarekin.

«Arruabarrenaren entzutera banuen, baina ez genuen pertsonalki elkar ezagutzen. Oso pertsona eskuzabala topatu nuen, gauza berriak egiteko prest zegoena». Konpromisorik gabe entseatzen hasi eta ondo moldatzen zirela ikusita, ekin zioten elkarrekin lan egiteari. «Oso esperientzia aberasgarria izan da biontzat. Mezzosoprano batekin lan egiten dudan lehen aldia da, eta Maitek berak nabarmendu du, ez duela inoiz kantatu pieza horren konpositorea aldamenean duela. Beraz biontzako izan da erronka polita», dio Senperenak.

 

Joserra Senperena: «Abeslari liriko batekin pianoa jotzeko era oso bestelakoa da, erritmo aldetik askoz malguagoa»

 

Biharko emanaldian, Topic-eko oholtza gainean, ariko dira biak eta piano jotzailearen iritzian musika egiteko era oso bestelakoa da, kantaria alboan dagoela. «Abeslari liriko batekin pianoa jotzeko era oso ezberdina da, erritmo aldetik askoz ere malguagoa da. Ahotsak beste garrantzia bat hartzen du. Maitek, gainera, dramatizatu egiten du, musikalki interpretatzeaz gainera, teatralizatu egiten ditu poema horiek eta niretzako hori oso aberasgarria da».



Hala eta guztiz ere, genero horretatik urrun egon daitezkeen pertsonak gonbidatu ditu Senperenak biharko kontzertura. Haiei egin die gonbita berezia: «Agian arrotza egingo zaio jende bati, baina ni ez naiz saiatu musika klasikoa egiten. Ni 2024ko konpositore bat naiz. Kanon klasikoak kontuan izan ditut baina poparen tradizioa ere presente dago kantu hauetan. Horregatik iruditzen zait interesgarria emanaldia jende askorentzat».

2022an konposatu, eta 2023ko uztailean, Jean Phocas soinu teknikariarekin Musikeneko Auditorioan grabatu zuten diskoa hiru egunetan. «Ezagutzen nuen bertako auditoriuma, eta Maite bera ere Musikeneko irakaslea denez, egokia iruditu zitzaigun han grabatzea. Gainera, antzoki horrek akustika egokia du gurea bezalako proiektu baterako. Phocas bezalako maisu bat izan genuen aldamenean eta harekin batera Peio Gorrotxategi aritu zen laguntzaile».

Diskoa abendu bukaeran aurkeztu zuten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta bihar, Tolosako Topic-en emango duten emanaldia izango da bigarrena. Beste hainbat alditan ere aritu izan da Senperena bertan, eta toki aproposa iruditzen zaio kontzertua emateko.

Musikari donostiarrak, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin batera, udazkenean aurkeztutako diskoan jasotako abesti ia guztiak eskainiko ditu biharko emanaldian, eta erakutsiko du zein bide berri urratu dituen. Bere buruaz dio gauza berriak probatzea gustuko duen musikaria dela, eta oraingo honetan ere, koska bat aurrera egin nahi izan duela. «Miresten ditut musikari todoterrenoak, orain hau eta gero bestea egiteko gauza direnak». Bide horretan doa Senperena; landu izan du blues-jazza, ganbera musika, musika elektronikoa eta popa, eta konposatu izan ditu baita soinu bandak ere. Orain, liedak sortu ditu eta hainbat poeten hitzen zerbitzura jarri ditu berak sortutako doinuak. Bihar ikusiko da emaitza Topic-en.

 

LIED KOADERNOA

OTSAILAK 24, LARUNBATA

19:00. Joserra Senperena eta Maite Arruabarrenak emanaldia eskainiko dute Topic-en.

Sarrerak salgai leihatilan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!