ELKARRIZKETA

«Iruditzen zaiguna baino gehiago jotzen du jendeak turismo bulegoetara»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko ots. 24a, 07:58

Maite Arregi turismo gidaria Tolosako turismo bulegoan. A.A.A.

Bidaiatzen hasi zenetik du gustuko turismoaren arloa Maite Arregik; Tolosako turismo bulegoan hiru urte pasatxo daramatza gidari izaten.

Goi mailako Turismo zikloa ikasi zuen Maite Arregi (Tolosa, 1986) turismo gidariak Donostiako Cebanc prestakuntza zentroan. Aurretik ingeles irakaslea izandakoa da, eta 2020an hasi zen Tolosan turismo gidari. «Aspalditik» datorkio arloarekiko interesa, eta pozik hitz egin du lanbidearen inguruan jaioterrian lan egiteko aukera duela-eta.

Nondik datorkizu turismoarekiko interesa?

Bidaiak-eta egiten genituenean gustatzen zitzaidan gauzak antolatzen ibiltzea. Ikusi nuenean horrekin lotuta zegoen zerbait ikastea posible zela, probatzea erabaki nuen eta gustatu egin zitzaidan.

Turismo gidari izateko garrantzitsua da hainbat hizkuntza jakitea, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Oso garrantzitsuak da ingelesa, bereziki, jende gehienak hitz egiten duelako. Frantsesa ere jende askok hitz egiten du eta gure kasuan, agian, garrantzitsuagoa da gertu samar gaudelako. Egia da nire maila ez dela altuena, baina moldatzen naiz jendearekin hitz egiteko.

Beste hizkuntza batzuk ez dira behar-beharrezkoak, baina beti lagungarriak izaten dira: italiera, alemana...



Zein hizkuntza menperatzen dituzu?

Euskara eta gaztelera, noski. Eta, horiez gain, ingelesez maila altua daukat, eta frantsesez ez hain altua, baina moldatzen naiz. Besterik, oraingoz, ez.

Zer da lanean gehien atsegin duzuna?

Jendearekin egiten duzun harremana gustatzen zait. Ez dakit zein irudi dagoen zabalduta, baina turismo bulego batera jende asko etortzen da eta, denetik, gainera. Askotan tolosarrak etortzen dira herriko jardueren inguruan galdetzera; askotan, azoka berezien inguruan. Euskal Herritik ere etortzen da jendea, eta baita kanpotik ere. Leku guztietako jendea ezagutzen duzu, bakoitza bere istorioarekin, eta honela egunero, horiekin hitz egiteko aukera izatea oso polita iruditzen zait.

Eta gutxien?

Turismoa hemen, bereziki asko aldatzen da sasoiaren arabera. Badira garai batzuk zeinetan gainezka ibiltzen garen: Aste Santua, udaren inguruko hilabeteak... Urte hasiera, berriz, urtarrila eta otsaila baxuagoak izaten dira; eta gehiago izaten ditugu ikasleak, jubilatuak...

Turistarik ez badago barruko lana egitea tokatzen zaigu, eta hori ez zait hainbeste gustatzen.

Zer behar da turismo gidari izateko?

Hasteko, ez duzu beldurrik izan behar jendaurrean hitz egiteko, noski; begi bistakoa da hori. Horrez gain, gustatu egin behar zaizu hitz egiten duzunari buruz hitz egitea. Hau da, gaia interesgarria iruditu behar zaizu.

 

«Gustatu egin behar zaizu hitz egiten duzunari buruz hitz egitea»



Guk Tolosari buruzko bisita gidatuak egiten ditugu, eta niri gustatzen zait herriari buruz jakitea: historia, kultura... Asko gustatzen zait horri buruz ikastea eta jendea jabetu egiten da horretaz. Interes hori edo gustatzen zaizula nabaritu egiten da. Bada, esango nuke bi ezaugarri horiek direla gakoak.

Bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizun, ezta?

Ez da askotan gertatzen, baina ezta behin bakarrik ere. Jendea etortzen da Navas de Tolosako guduari buruz galdezka. Hori Jaenen dago, eta esaten diegu honek ez duela harekin zerikusirik [Barrez]. Urtean pare bat edo azaltzen dira horrela. Xelebre samarra izaten da.

 

«Jendea etortzen da Navas de Tolosako guduari buruz galdezka»



Zein turista mota etortzen da hona?

Pixka bat denetik. Egia da eskualdea, orokorrean, bisitatzen dutenak, batzuetan, ez direla Tolosatik pasatzen. Nahiko ohikoa da familiak eta lagun taldeak landetxeetara joatea; zentzu horretan, Asteasun baldin badaude landetxe batean, agian, ez dira Tolosara jaisten.

Tolosara gehien etortzen direnak herria ezagutzera etortzen dira. Gehien-gehiena Tolosa bisitatzera etortzen den turista izango da; batez ere egonaldi laburretakoa bada. Egun gehixeago badituzte ohikoagoa izaten da eskualdea ere bisitatu nahi izatea.

Eta zer bilatzen dute?

Udan asko ikusten dugu eguraldiagatik etortzen dela jendea. Askok ez dute hainbesteko berorik pasa nahi izaten, Mediterraneoan edo Andaluzian izan daitekeen bezala. Guretzat hain ona ez den hori, haientzat erakargarria da.

Gero, baita ere, indar handia du gastronomiak; bai azokak, bai jatetxeen eskaintzak. Eta kirolak zein naturak ere erakartzen du jendea: mendira joatea, naturatik gertu egotea... Gipuzkoara etorrita, nahiago izaten dute barrualdea Donostia baino, hemen aukera pixka bat handiagoa delako kirola eta natura uztartzeko.



Egonaldi laburra aipatu duzu lehen. Gehienak zenbat denboraz egoten dira hemen?

Datu zehatzak begiratu egin beharko nituzke. Garai honetan ez dira oso egonaldi luzeak izaten; udan, bai. Udan luzatzen da eta jendea hiruzpalau egunetarako etortzen da, baita aste osorako ere. Urtean zehar, berriz, oporrak ez dira hain luzeak eta jendeak ahal duena egiten du.

Eta zein motako turistak izaten dira?

Tolosan gehiena familiak izango dira; baina denetik izaten dugu, noski. Ez dut aipatu, baina beste turismo mota bat ere izaten da: Hego Amerikatik etortzen direnak haien familiak hemengoak zirelako aitona-amonak, birraitonak edo birramonak, eta jatorria ezagutu nahi dutelako. Horiek, normalean, egun gehixeagoko egonaldia egiten dute. Batzuetan bakarrik etortzen dira, besteetan familian...

Lo egiteko, batik bat, landetxeak ditugu eta familiek nahiago izaten dute hori hotel bat baino.

Nongoak izaten dira gehienak?

Turista gehienak etortzen dira, batez ere, Bartzelonatik eta, oro har, Kataluniatik eta Madrildik. Egia da asko ditugula baita ere Euskal Herritik; baina udan, batez ere, asko igotzen da kanpokoa. Beste herrialde bat aipatzekotan: Frantzia. Hortik etortzen dira gehienak. Frantsesak jakina, oso gertu gaudelako asko etortzen dira egun pasa ere.

Eta beste jatorri batzuetatik ere etortzen al dira?

Europako herrialde gehienetatik etorri izan dira: Italiatik, Alemaniatik, Ingalaterratik... Horiek udan astero etortzen zaizkigu. Egia da zenbat eta urrunagoa izan jatorria, orduan eta gutxiago izaten direla. Hego Amerikatik, Argentina eta halakoetatik, asko izaten dira familiaren jatorria hemen dutelako. Ameriketako Estatu Batuetatik ere etortzen da jendea... Eta tarteka baita Afrikatik eta Australiatik ere.

Asia, baita ere... Ez dira oso ohikoak, baina bai Japoniatik, Filipinetatik...



Ba al dago alderik turista batetik bestera?

Bai. Gertu samarretik etortzen direnek badakite Gipuzkoa zer den edo nolakoa den: badakite kostan Donostia dagoela, eta gehiago barnealdea ikusi nahi izaten dute. Urrutiagotik badatoz, berriz, ahal duten guztia bisitatu nahi izaten dute. Ulergarria da, hainbeste etortzen ez direnez, bidaiatzen dutenean nahiago dute ahal duten guztia ikusi. Horietan Tolosa geldialdi bat gehiago izaten da.

Turistaren profila aldatzen al da urtez urte?

Ni 2020an hasi nintzen, eta COVID19a zegoen garai horretan. Hasieran tokatu zitzaidan tolosarrak bakarrik izatea; herriak itxita zeudelako. Orain, aldiz, azken bi urteetan edo ikusi dugu geroz eta leku gehiagotatik etortzen dela jendea; baita urrutiagotik ere. Baina horretaz aparte ez nuke esango aparteko aldaketarik egon denik.

Zein da urteko garairik lanpetuena?

Normalean uda: uztaila eta abuztua. Hori, zalantzarik gabe. Aste Santua ere nabaritzen da, baina arraro samarra izaten da jai egunak beti ez direlako berdinak toki guztietan. Dena dela, Aste Santuko bospasei egun horiek bultzada handia izaten dira hemengo turismoarentzat. Uztailean gorakada nabaritzen hasten gara; baina abuztua da hilabete izarra.

Eta lanik gutxien noiz izaten duzue?

Urteko lehen hilabeteetan izaten da lan gutxien: urtarrila, otsaila... Ez dago aparteko zubirik edo jai egunik. Egia da hemen inauteriak ditugula eta jende asko etortzen dela, baina ez dakit horiei turista dei dakiekeen.

Jendeak, oraindik, ba al du turismo bulegoetara joateko ohiturarik?

Pentsa daiteke mugikorrarekin, gaur egun, ez dagoela beharrik ere: mapak hor dituzu, Interneten begiratu daiteke zer bisitatu Tolosan... Baina, hala ere, jende asko etortzen da nahiz eta mugikorra eduki, nahiago duelako mapa eskuan izan eta pertsona baten aholkua jaso.

 

«Azalpenak pertsona batek ematea asko eskertzen du jendeak»



Esango nuke iruditzen zaiguna baino gehiago jotzen duela jendeak turismo bulegoetara. Egia da garai batetik hona jaitsi egingo zela, esan bezala, Internetekin informazio ikaragarri oso eskuragarri dagoelako. Baina jendeak jarraitzen du etortzen; eta adin guztietakoak izaten dira, gainera. Azalpenak pertsona batek ematea ere asko eskertzen du jendeak; ez da gauza bera Interneten begiratzea eta aditu batek aholkatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!