Astelehen goizaldean, Ertzaintzaren pilotakada batek gazte bat zauritu zuen Tolosako Beotibar kalean. Gertatutakoa salatzeko, manifestazio jendetsua egin dute ehunka lagunek, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak deituta, Jazarpen poliziala gelditu lelopean. «Istiluen aitzakiapean, presentzia polizial nabarmena» egon zela salatu du Kontseilu Sozialistak Tolosan. Presentzia hori «gau guztian zehar» izan zela gaineratu dute: «Ertzaintzak jarrera oldarkorrak izan zituen uneoro, eta jarrera hauek tentsioa areagotzea eragin zuten».
Adierazi dutenez, goizeko laurak aldera, Ertzaintzaren unitate bat Rondilla Kalean gelditu zen eta bertatik polizia agente ugari jaitsi ziren, kale guztia hartuz. «Herritarren eta ertzainen arteko tentsioa areagotu egin zen eta ertzainak Beotibar kalera mugitu ziren bertan kargak gauzatuz. Aipatu beharra dago poliziak kale hau hartu baino lehen ez zegoela inolako istilurik bertan, eta egoera lasaia zela. Are gehiago, beraiek izan ziren probokazioz tentsioa areagotzearen erantzuleak».
Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute karga horien artean, Ertzaintzak bertako gazteei jaurtigailuz tiro egin zietela, «inor bereizi gabe eta zuzenean gorputzeko goi ataletara apuntatuz». Tiro horietako batean, bertan zegoen gazte batek pilotakada bat jaso zuen aurpegian, larri zaurituz. «Gogor salatzen dugu poliziaren interbentzioa eta elkartasuna adierazten diegu zauritu guztiei».
Astelehen goizaldeko gertakaria jai giroan azken urteetan areagotzen ari den kontrol polizialaren eta gazteriaren kriminalizazioaren adierazle garbiak direla esan dute. «Ikusten ari gara, segurtasunaren aitzakiapean, polizia indarrek kaleak hartzeko eta kontrol mekanismoak ezartzeko joera orokortzen ari dela jendartean. Gainera, esan beharra dago, igande gauean etengabe errepikatu zirela jarrera oldarkorrak ertzainen aldetik eta beraiek izan zirela istiluak eragin zituztenak». Amaitzeko, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak «era guztietako polizia indarkeriei aurre egin eta askatasun politikoen alde antolatzera» deitu ditu herritarrak.