Bart hainbat liskar izan dira Tolosako Inauterietan. Horietako batean Ertzaintzak istiluen kontrako materiala erabili behar izan duela esan du, eta horien ondorioz gazte bat zauritu dela. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azaldu duenez, Alde Zaharrean izan da Ertzaintzaren karga, eta gaztea pilotakada jaso ostean, ospitalera eraman zuten, eta oraindik ospitaleratuta dago. Ertzaintzak gaineratu du liskar horretan istiluen kontrako materiala erabili zuela «ordena publikoa berrezartzeko». Oraindik ez dituzte gertatutakoaren xehetasunak argitu, baina prebentziozko neurri gisa, ofizioz ikerketa-eginbide espezifikoak ireki dituzte eta dagokion epaitegiari auzitegiko mediku batek esku hartzeko eskatu diote ospitaleratutako gaztea ebaluatzeko eta lesioen izaera zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzak barne-ikerketa hasi du polizia-jarduketarekin lotutako xehetasun guztiak aztertzeko.
Bestetik, istilu horien aurretik taberna baten barruan beste liskar bat egon zela ere esan du Segurtasun Sailak, eta horrek gero Alde Zaharreko kale batean jarraitu zuela. Ondorioz, Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu eta erasotzeko erabilitako hainbat objektu (makilak, botilak…) kendu ditu eta bi gazte atxilotu, horietako batek, gutxienez, erabiltzea debekatua dagoen materiala (barra luzagarria) eramateagatik. Istilu horretan parte hartutako beste gazte bat ere ospitalera eraman behar izan dute, ukabilkadak eman zizkiotelako eta era guztietako objektuak bota.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak Ertzaintzaren kargari lotuta esan du pilotakadaz zauritutakoaren egoera kezkatzekoa dela. Alkateak babesa eta ahalik eta lasterren errekuperatzeko desioa adierazi dio gazteari. «Gertatutakoa argitzea eskatzen dugu, ordu horretan jendez lepo baitzen inguru hori», gehitu du Martinez de Rituertok, eta aldi berean, lasaitasunerako deia luzatu du inauteriak amaitzeko bi egunen faltan: «Festak bakean bizi ditzagun, liskarrik gabe eta beste inongo erasorik gabe».
Amasa-Villabonako Udalak sare sozialetan zabaldu du gaztea herrikoa bertakoa dela eta gertatutakoa argitzea exijitu du. Beatriz Unzue alkateak jakinarazi du zaurituaren senideekin harremanetan jarri dela animoak emateko eta udalaren laguntza eskaintzeko. «Alboan izango gara edozertarako. Garrantzitsuena tratamendu medikua ondo ateratzea eta gaztea guztiz errekuperatzea da». Gertatutako argitu beharra dagoela adierazi du Amasa-Villabonako alkateak.
Tolosako Sortuk Ertzaintzak jendez lepo zegoen kale batean izandako jokaera «arduragabekeria izugarria» dela esan du eta horrelako gertakariak ez direla berriak nabarmendu du, «gaiari serio heldu eta hau aldatu beharra dago».
Mobilizazioak
Bihar agerraldi jendetsu bat deitu dute Villabonan Biolentzia polizialik ez! Babes eta elkartasun osoa zaurituarentzat! lelopean. 19:00etan izango da Berdura plazan.
Bestalde, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak kargak salatu ditu eta zaurituei euren elkartasuna adierazi. Gertakaria salatzeko, bihar manifestazioa egingo dute 18:00tan Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta.
Adi!
— Kontseilu Sozialista Tolosaldea (@Kontseilua_Tol) February 12, 2024
Bart gauean Tolosan Ertzaintzaren kargak egon ziren. Jaurtigailuekin tiroak bota zituzten bertan zeudenen aurka modu ez bereizian apuntatuz. Horren ondorioz, gazte bat larri zurituta dago. pic.twitter.com/SsRiZhxMhk