Urte hasiera ona izan du Judo Klub Tolosak

Ataria 2024ko ots. 7a, 19:00

Judo Klub Tolosako bost kidek gerriko beltza lortu dute. JUDO KLUB TOLOSA

Klubeko bost judokek gerriko beltza lortu dute, eta infantil eta junior mailakoek emaitza onak lortu dituzte txapelketetan.

Gustura daude Judo Klub Tolosakoak urtearen hasierarekin. Bertako bost judokek gerriko beltza lortu berri dute: Nahia Fernandez, Hodei Jauregi, Ekain Aranzabal, Jon Ander Sanchez eta Nestor Gibelalde. «Euskadiko Judo Federazioren epaimahaiaren eskakizunak gainditu zituzten, judoaren bizi-etapa bat amaituz eta beste bat hasiz, hau helduagoa», adierazi dute klubetik. 

Txapelketei dagokionez, infantil mailakoak hasi dira beraien txapelketekin, eta lehenengoa Gipuzkoako Txapelketaren lehen fasea izan da. «Ez da bakarrik orain arte ikasitakoa jartzen praktikan, baita ere jendez gainezka dagoen kiroldegi batean aurkariaren aurrean jartzearen eta momentu zailen kudeaketa», zehaztu dute klubetik. Judo Klub Tolosako lau kide aritu ziren bertan. Asier Luque bigarren izan zen, Xabat Zabalegi hirugarren, Haritz Sarasola bosgarren eta Ibai Galan zazpigarren. 
 Gipuzkoako Txapelketan junior mailako judoken txanda izan zen ondoren. «Klubeko kide guztiek, lehiakideak eta lehiatuko ez zirenak, dena eman zuten junior mailakoak txapelketetara ahalik eta ondoen prestatuta joateko». 

Sei judoka joan ziren eta lau domina lortu zituzten. Ioar Olanok -60 kiloko kategorian eta Joseba Regillagak -90 kilokoan urrezko domina lortu zuten. «Olanok egindakoa nabarmendu behar da, erakustaldirik eman gabe baina akatsik egin gabe egun handi bat osatu baitzuen», azaldu dute klubetik. Nahia Fernandezek -70 kilokoan eta Inhar Leundak -60 kilokoan zilarra lortu zuten. Fernandezek oso gutxigatik ez zuen lortu urrezkoa, eta Leundak bere lurreko indargunearekin borroka guztiak irabazi zituen trebetasun eta indarrarekin, baina finalean Olanok ez zion aukerarik utzi. 

Astebete beranduago, domina lortu zuten lau judokak Euskadiko Txapelketa jokatu zuten, eta tarte horretan entrenamendu gogorrak egin zituzten, klubeko kideen laguntzarekin. Berriz ere lehiakorrak izan ziren, eta bakoitzak domina bat lortu zuen. Olano -60 kilotan finalera sartu zen, baina Bilboko aurkariari ezin izan zion irabazi eta zilarrezko domina lortu zuen, Ipar sektoreko Espainiako Txapelketarako txartela lortuz. Leundak, kategoria horretan, bere estiloari leial jarraituz, brontzezkoa lortu zuen. Fernandezek eta Regillagak finalean sartzeko helburua zuten, baina brontzezkoarekin konformatu behar izan zuten. «Postu ona da, baina ez nahikoa beraiek zituzten helburuentzako», zehaztu dute klubetik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!