Tolosako osteopataren aurka beste salaketa bat jarri dute

Ataria 2024ko otsailaren 6a

Igandean beste salaketa bat jarri zutela azaldu du Ertzaintzak, eta guztira zazpi dira orain arte jarri dituztenak.

Sexu erasoak egotzita jarritako salaketengatik, ostiral goizean Ertzaintzak atxilotu egin zuen Tolosako osteopata, eta epaitegira eraman. Bertan, lau emakumek deklaratu zuten eta atxilotuak ere bai, eta ondoren epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen. Ostirala bitarte guztira sei salaketa jarri zituzten, eta ihes egiteko arriskua zegoela argudio bezala erabilita, epaileak osteopata behin behinean espetxeratzeko erabakia hartu zuen, Fiskaltzak egindako eskariari bide emanez.

Bada, Ertzaintzak baieztatu duenez, igandean zazpigarren salaketa jarri zuten osteopataren aurka, Tolosako Ertzain-etxean.

Oriako ertzain-etxeko agenteek sexu-eraso baten ustezko egilea delakoan atxilotu zuten osteopata urtarrilaren 21ean. Ondoren, atxilotuaren kontsulta miatu zuten, ikertzen ari diren gertaerekin lotutako ebidentzien bila. Atxilotua eta polizia-eginbideak Tolosako Epaitegiaren esku utzi zituzten, eta epaileak kargupean aske utzi zuen atxilotu eta bi egunera. Salaketen arabera, gertakarien ustezko egileak masaje-saioa hasten zuen bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!