ELKARRIZKETA

«Orokorrean gaixoago dagoen gizarte batean bizi garela esango nuke»

Leire Uranga 2024ko ots. 16a, 07:59

Maren Martinez de Rituerto, Tolosan. L. URANGA

Betidanik presente izan du Maren Martinez de Rituerto Zeberiok ariketa fisikoa egitearen garrantzia; ez dauka kirolerako zapatilak janzten ez duen asterik. Kirola eta minbizia uztartu ditu bere ibilbide profesionalean eta, gaur egun, proiektu berri bat dauka esku artean.

2021. urtean amaitu zuen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradua —JFKZ— Maren Martinez de Rituerto Zeberiok (Tolosa, 1998). Osasunaren arlotik eman die jarraipena bere ikasketei eta, egun, ikerketa proiektu baten itxieran aurkitzen da, beste bati ateak ireki zain.

Zerk piztu dizu adar honetan sakontzeko nahia?

Orokorrean jendeak JFKZ gradua irakaskuntza arloan kokatzen du. Nik, graduan zehar, adar honetako beste arlo batzuk ezagutu nituen; osasun arloa izugarri gustatu zitzaidan eta hortik tira egin nuen. Gradua amaitzean, osasun arlotik jarraitzeko aukera handirik ez badago ere, Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean —EHU— aurkitzen den berezko titulu bat atera nuen. Praktikak minbizia duten pertsonekin egitea egokitu zitzaidan, eta hortik lan aukera bat sortu. Ondorioz, berezko beste titulu bat atera nuen, minbiziaren bueltan oraindik eta gehiago espezializatzen dena. Nire aitak JFKZ gradua egin zuen, eta nire ama medikua da. Bi sektore horiek oso presente izan ditut nire bizitzan, eta horrek lotura zuzena izan dezake egindako aukeraketarekin. Gaur egun, ikerketa proiektu batean ari naiz lanean, minbizia duten pertsonekin; proiektu bat amaitzen ari gara eta etorkizunean, datozen hilabeteetan, berri bat hasteko asmoz gabiltza.



Taldean lan egiteari geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio. Zein izan da zuk ospitalean izandako esperientzia, eta nola funtzionatzen duzue talde gisa?

Lehendabizi aipatu nahiko nuke gure perfila ez dela existitzen ospitale batean, eta momentuz behintzat, pribilegio bat dela nire ikasketekin bertan egotea. Bereziki medikuekin egiten dugu lan, hauek tratatu beharreko pazienteak bideratzen dizkigute. Erizainekin ere hartu-emana daukagu; ospitaleko lanak sare moduko batean funtzionatzen du, zuk zure eginkizuna daukazu baina askotan ingurukoen lana beharrezkoa da zuk zure funtzio hori bete ahal izateko.

Ikerketa proiektuaren protokoloa eta nondik norakoak idaztean, bakoitzaren ibilbidea markatuta dago. Ikerketan parte hartzeko inklusio edo esklusio irizpideak daude. Proiektuko mediku batek ikusten badu bere gaixo bat ikerketan sar daitekeela, pazienteari proposatzen dio, eta honek baiezkoa ematen badu, nirekin egiten dute kontaktua; nik hitzordu bat zehazten dut gaixoarekin, eta hortik aurrera ibilbidearen zati handiena nire esku gelditzen da: entrenamendua, balorazioa eta abar. Askotan gure lana interesgarria izan daiteke gaixoaren jarraipen zehatzago bat egiteko, gaixoarekin astean bi ordu partekatzen ditugu eta bi ordu horietan gauza asko ikus ditzakezu. Medikuaren eta pazientearen arteko zubi-lana egitea egokitzen zaigu askotan.

Nola sortzen da ikerketa proiektu bat?

Ikerketa proiektu bat, normalean, argitu nahi den zalantza edo duda batetik sortzen da. Oinarria aztertuta dago, badakigu onuragarriak direla jarduera eta ariketa fisikoa minbizia duten pertsonengan, baina jakin nahi dena da zehazki zer, zein momentutan eta nola. Egun eskuartean dugun proiektuan, 70 urtetik gorako gaixoekin ibili gara lanean.



Idealena litzateke proiektu hau hartu, findu eta modelo berdinarekin beste proiektu perfekzionatu bat sortzea. Baina, horretarako dirua behar da, eta zoritxarrez, ikerketa proiektu bat aurrera eramateko oraintxe bertan dagoen oztoporik handiena diru falta da. Proiektu berri hau sortzerakoan, ikusi dugu linfomak dituztenengan oso gutxi ikertu dela, eta ondorioz, oso kandidatu onak izan daitezkeela programa bati erantzuteko. Azkenean, jada ikertuta dagoen zerbait ikertzen hasita, ez zara ezer asmatzen ari. Linfomak ez dira horrenbeste ematen, beraz, ikerketa adin guztietara zabalduko dugu; 18 urtetik gorakoak izango dira aztertuak proiektu berrian. Lehenengo pausoa proiektua idaztea da. Proiektua idazten hasteko, ordura arte zer ikertu den aztertu behar da, ebidentzia zientifikoak aztertu, eta hortik proiektuaren hipotesiak eta helburuak ateratzen hasi.

Gure kasuan, ikerketa proiektu hau Eusko Jaurlaritzara bidali zen dirulaguntza bat lortzeko asmotan. Ideia oso on bat eduki dezakezu baina finantziaziorik gabe ez dago ezer egiterik. Behin finantziazioa lortutakoan, protokoloa eta egitura sortu eta ardurak idatzi eta banatzen dira. Ibilbidea markatzen da: pazientea proiektuan sartzen denetik ateratzen denera jasoko duen zerbitzua zehazten da. Behin ikerketa egin eta datu guztiak bilduta daudenean, datuak analizatu eta ondorioak atera behar dira. Hiru-bost urte bitarteko prozesu luze bat izan daiteke: proiektuari amaiera ematen zaio konklusio guztiak atera eta datu guztiak esplotatutakoan.


Onkologia Geriatrikoko Nazioarteko Elkarteak (SIOG) antolatutako urteroko biltzarra. Ezkerrean, hiru mediku onkologo; fisioterapeuta bat, eta eskuinean, Maren Martinez de Rituerto. ATARIA


Positiboak dira orain arte jasotako emaitzak?

Erreklutamendu fasea itxi berri dugu, eta azkeneko pazientearekin prozesua amaitzean, datuen analisiarekin hasiko dira. Subjektiboki nik gimnasioan ikusi dudana oso positiboa izan da. Gaixoen erantzuna pasada bat izan da, psikologikoki desberdintasun handia nabaritzen diezu; askoz ere kontentuago daude eta indar gehiagorekin. Fisikoki, indar aldetik, bizi kalitatean eta bizitzako funtzio ezberdinetan ikaragarri irabazi dute: lokarri batzuk ezin lotzetik, berriro ere lokarriak lotzen hasteraino. Hala ere, ikusi beharko da zenbakiek, objektiboa denak, zer kontatzen digun.

Aipatu behar da ariketa fisikoa tratamenduaren lagungarri bezala erabiltzen dugula; hau da, ez dugu sendatzen, albo-ondorioak eramangarriagoak izaten edo hauek saihesten laguntzen dugu. Efektu nagusienetan akidura gutxitzea sartzen da: akidura minbizia duten pertsonengan oso ezaugarri komuna da, deskantsuarekin joaten ez den nekea. Minen aurka ere oso ondo funtzionatzen du ariketa fisikoak, nutrizio egoki batekin gorputz konposizio egoki bat mantentzen laguntzen du, eta hezur osasuna mantendu edo hobetzen ere laguntzen du. Jarduera fisikoak orokorrean, bizi-kalitate hobe bat ematen die gaixoei.

Zergatik da garrantzitsua jarduera fisikoa? Minbizia duten pertsonengan oraindik eta garrantzitsuagoa al da?

Pertsona oro mugitzeko dago egina. Lehen gizakietara joaten bagara, fruitu biltzaileak, ehiztariak eta nomadak ziren. Egunaren zati handiena mugitzen igarotzen zuten: egunean zeharreko mugimendua atsedenaldia baino askoz ere luzeagoa zen. Eboluzionatzen joan garen neurrian, gure elikadura okertu da, elikagaiak edozein momentuan lortzen ditugulako; bizitzaren hiru laurden baino gehiago sofan ematen ditugu.

Horren ondorioz, askoz ere sedentarioagoak bihurtu gara eta hau arrisku faktore nagusia da gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko. Sedentarismo honen bitartez, kronikoak eta ez kutsakorrak diren gaixotasun mordoa garatu ditugu; orokorrean gaixoago dagoen gizarte batean bizi gara. Horregatik da garrantzitsua jarduera fisikoa egitea; osasuntsu egon nahi duen pertsonak halabeharrez mugimenduan egon behar du.

 

«Osasuntsu egon nahi duen pertsonak halabeharrez mugimenduan egon behar du»



Eta, minbiziaren kasuan, gaixotasunaren tratamendua oso gogorra da, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Tratamenduak geroz eta zehatzagoak eta eraginkorragoak dira: zientziak aurrera egin du baina toxikotasunak hor jarraitzen du eta albo-ondorioak hor daude. Jarduera eta ariketa fisikoaren bitartez, albo-ondorio eta toxikotasun horiek neurri handi batean saihestu edo txikitzen lagundu dezakegu. Kronikoagoak diren minbizietan adibidez, arriskua dago beste minbizi batzuk sortu eta beste gaixotasun batzuk garatzeko, arrisku horiek murriztu eta saihesteko ere balioko digu ariketa fisikoak.

Beharrezkoak al dira jarduera eta ariketa fisikoa minbiziaren tratamenduaren prozesurako? Eta minbiziaren prebentziorako?

Bai, beharrezkoak dira. Jarduera fisikoak forma fisiko nahiko on bat mantentzen laguntzen du, baina minbiziaren kasuan beharrezkoa da ariketa fisikoa; hau da, entrenamendu planifikatu bat izatea, funtzio fisiko eta fisiologikoak hobetzeko. Gainera, gaur egun badakigu minbiziaren edozein fasetan segurua dela jarduera eta ariketa fisikoa egitea. Lehen aipatutako albo-ondorio gehienak jarduera eta ariketa fisikoarekin soilik hobetu edo artatu daitezke. Minbiziaren prebentziorako ere ezinbestekoak dira. Arrisku faktoreen herena saihesgarria da: sedentarismoa, alkohola, tabakoa, infekzioak eta elikadura desegokia dira minbiziaren bost arrisku faktore nagusi. Prebentzioa geroz eta beharrezkoagoa da; geroz eta minbizi kasu gehiago daude, eta geroz eta gazteagoek dute minbizia. Puntu bat iritsiko da non gizarte gisa bizi estilo hau ezingo dugun jasan.

Profesional gisa, zer gomendatuko zenioke tratamendua jasotzen ari den pertsona bati? Eta sendatu den bati?

Tratamendua jasotzen ari den bati esango nioke informazioa eskatzeko eta galdetzeko. Oraindik ez da gehiegi entzun kirola egin behar dela, entrenatu egin behar dela minbizia diagnostikatu den kasuetan. Paziente askok bide horiek itxita izaten dituzte, ezjakintasun handia dago oraindik. Gomendatuko nioke profesional egoki baten eskutan jartzeko; gaur egun sare sozialen bitartez-eta ematen du edozer dela posible baina beharrezkoa da entrenamendu planifikatu bat edukitzea, indibidualizatua eta profesional batek diseinatua.


Ariketa fisikoa eta minbizia ikerketako nazioarteko lehen kongresua. Maren Martinez de Rituerto proiektu berrian parte hartuko duen kirol hezitzailearekin. ATARIA


Eta, sendatu den bati, oraindik entrenatu ez badu, entrenatzen hasteko, eta bestela, entrenatzen jarraitzeko. Azkenean, minbizia ez da katarro batetik sendatzea bezala, albo-efektu pila bat daude, minbizia pasa ondoren beste bat garatzeko arriskua ere hor dago. Arrisku faktore asko garatzen dira horrelako tratamendu fuertea jasotakoan.

Zein da entrenamendu on baten oinarria?

Batetik, indibidualizazioa, eta bestetik, entrenamendu aberatsa edukitzea: gaitasun ezberdinak landuko dituen entrenamendua. Gaitasun kardiobaskularra, indarra eta oreka dira gakoak; baina, egia da, minbizia duten pertsonek gihar-masaren galera oso ohikoa dela, eta horren aurrean, indar entrenamenduak pisu gehiago hartuko duela. Tratamendu berdin baten aurrean bi pertsonek ez dute berdin erantzuten, eta planifikazio baten barruan ere, egunez egun joan behar da: egun guztiak desberdinak dira, ez dago errezetarik. Pauta orokor batzuk egon daitezke, baina orokorrean, onena izango litzake entrenamenduaren indibidualizazioa, profesional batek gainbegiratuko duena, eboluzioa aztertuz.

Zein dira etorkizuneko erronkak?

Bizi estilo osasuntsuago baten alde egin behar dugu lan. Minbiziari dagokionez, hezkuntza lan handi bat egin behar dugu, informazio asko falta zaigu; askotan uste dugu paseo bat ematea nahikoa dela, eta jakin behar dugu ez dela nahikoa. Minbizia duen pertsona batek ez du ariketa fisikoa egin behar horrekin ondo sentitzen delako soilik, aintzat hartu behar ditu aurretik aipatutako efektu guztiak. Paseo bat ematea ez da nahikoa aipatutako albo-kalte horiek guztiak saihesteko, beharrezkoa da entrenamendu planifikatu eta indibidualizatu bat. Esperantza daukat etorkizun batean kirol hezitzaileok ospitaleetan gure tokia edukiko dugula, eta gaixoekin orientatzaile nahiz entrenatzaile gisa lan egiteko aukera edukiko dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!