Haurren aisialdia ari dira lantzen Haurren Hiria ekimenean

Ataria 2024ko otsailaren 6a

Aurreko ikasturtean Haurren Hiria ekimenean parte hartu zuten ikasleak.

Tolosako hiru ikastetxeetako 42 haur ari dira parte hartzen; Haurren Hiria webgunean ikus daiteke orain arte landutakoa.

Haurren Hiria proiektuaren barruan, 8 eta 12 urte bitarteko haurren aisialdiaren egoera aztertzen ari da ikasturte honetan Herrikide, Laskorain Ikastola eta Samaniego ikastetxeetako 42 haurrez osatutako Haurren Kontseilua, proposamenak sortzeko.

Bi aldiz elkartu dira. Lehen saioa abenduan egin zuten eta bertan Tolosak haurrei eskaintzen dizkien aisialdiko aukerak zein diren aztertu zituzten kontseiluko kideek. Urtarrilean egindako bigarren saioan, berriz, Tolosak aisialdirako duen eskaintza hobetzeko proposamenak lortzea izan zen helburua. 

Ikasturtea amaitu aurretik beste bi alditan elkartuko da Haurren Kontseilua, eta ikasturteari amaiera emateko, ekainean, urte osoan egindako lanketa eta Kontseiluaren ekarpenak aurkeztuko dizkio Tolosako alkateari zein gainerako udal ordezkariei Mintza Txokoa deituriko bilkuran. Horrekin batera, ikasturte hasieran egin bezala, amaieran ere jarraipen bilera egingo dute haur ordezkarien gurasoekin. Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariek ere gainontzeko ikaskideei proiektuaren berri emateko bideak ere erraztu dira. 

Haurren Kontseiluak egiten duen lanari jarraipena emateko Haurren Hiria webgunera jo ahal dute tolosarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!