Zeinu-hizkuntza zerbitzua indartuko du Tolosako Udalak

Ataria 2024ko ots. 6a, 13:13

Tolosako Udalak eskainitako jarduera publikoetan, ekitaldi irekietan edota udal izapideak egiteko eskatu ahalko da.

Herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzea helburu, Tolosako Udalak zeinu-hizkuntza zerbitzu indartua eskainiko du aurrerantzean udal zerbitzu, ekintza eta ekitaldietan. Helburua da entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonei komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotzea eta zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen behar eta gaitasunetara egokitzea.

Zerbitzua Eskuaire Zeinu-hizkuntza Interpretazio eta Komunikazio Bitartekaritzaren bitartez eskainiko dute, udalak eskainitako jarduera publikoetan, ekitaldi irekietan edota udal izapideak egiterako garaian. 

Inauterietako txupinazoa, Kirol Gala edota azoka berezietako sari banaketak dira ekitaldi publiko horietako batzuk eta, kasu horietan, zerbitzua beti eskainiko dute, eskaerarik egon ez arren. 

Ikastaroak, hitzaldiak edota solasaldiak sartzen dira, besteak beste, ekitaldi irekien multzoan. Ekitaldi mota horietan beti eskainiko dute zeinu-hizkuntza zerbitzua, baldin eta aurrez eskaera egiten bada, gutxienez ekitaldia baino 7 egun lehenago. Pertsona interesdunek udal webgunearen hasiera orrian, goian dagoen zeinu-hizkuntzaren logoan klikatuta topatuko dute zerbitzuaren eskaera orria. Hori betetzearekin nahikoa izango da.  

Izapideak egiteko ere, hau da Udate edo beste udal zerbitzu batean izapideak burutzeko, zeinu-hizkuntza zerbitzua eskatu ahal izango da. Horretarako ere eskaera orria bete behar da, zerbitzua presentziala ala telematikoa behar den adieraziz. Eskaera aurkeztu ostean, 5 eguneko epea beharko da tramitatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!