Imanol Rojok Espainiako Txapelketa irabazi du

Ataria 2024ko otsailaren 5a

Iraupen eskiko Marxa Beret proba irabazi du tolosarrak eta horrekin batera distantzia luzeko Espainiako Txapelketa.

Asteburuan iraupen eskiko Espainiako Txapelketak izan dira jokoan, eta baita Marxa Beret proba ere, Pla de Bereteko pistetan (Val d’Aran, Katalunia). Bertan parte hartu dute Alpino Uzturreko hainbat eskiatzailek, eta Imanol Rojo izan da garaipena lortu duena. Distantzia luzeko Espainiako Txapelketa Marxa Beret probarekin batera zegoen jokoan, klasiko eran, eta Rojok biak irabazi ditu. Elur faltarengatik 42 kilometroko lasterketa 32 kilometrokoa izatera pasatu zen senior eta master mailakoentzako; eta 21 kilometrokoa 18,5 kilometrokora 20 eta 18 urtez azpikoentzako. 

Senior mailan izan da Imanol Rojo txapelduna 1.08.32ko denbora eginez. «Niretzako beti da berezia hemen parte hartzea etxean bezala sentitzen naizelako. Azkenean, gainontzeko eski estazioen elur faltaren baldintzak ikusita, gaurko proba modu oso duinean egin ahal izan da. Gainera, niretzako gaurkoak oso entrenamendu ona suposatzen du datozkidan lasterketetarako», esan du Rojok.

Master1 mailan, Harkaitz Labeaga andoaindarra laugarren sailkatu da, eta Igor Aranburu tolosarra 5. postuan. Emakumezkoen 20 urtez azpiko mailan Naroa Amantegi tolosarra laugarren sailkatu da, eta gizonezkoen 18 urtez azpikoan Hodei Juaristi azpeitiarra bosgarren. Marxa Bereten ere 16 eta 14 urte azpikoek parte hartzeko aukera izan zuten, 10 kilometroko proba eginez, eta June Aranburu tolosarrak hirugarren postua lortu du. Hor ere parte hartu dute Libe Curras, Inge Arin eta Iker Aranburu tolosarrek.

Esprint distantziako Espainiako Txapelketan, berriz, gizonezkoen master 1 mailan, Harkaitz Labeaga hirugarren izan da, 16 urtez azpikoetan June Aranburu hirugarren, 14 urtez azpikoetan Inge Arin txapeldunordea eta 12 urtez azpikoan Iker Aranburu ere txapeldunordea. Hodei Juaristi eta Libe Curras ere bertan izan dira lehian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!