Proposamen politikoa eta inauterietarako protokoloa aurkeztu ditu Itaiak

Ataria 2024ko otsailaren 3a

Inauterietarako protokoloak hainbat lanketa biltzen ditu bere baitan, besteak beste, aholkularitza juridikoa, babes psikologikoa eta erasoa publikoki salatzeko aukera.

Atzo arratsaldean jendaurrean aurkeztu zituen Itaiak 'Indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politikoa' eta inauterietarako protokoloa. Tolosako Kultur etxean jarri zuten hitzordua eta, lehenik, 2023. urtean Tolosan indarkeria matxistaren inguruan bildutako datuak aurkeztu eta aztertu zituzten. Itaiako kideen iritziz «larriak» dira datuak, egoerak ez du hobera egin «inondik inora», eta «gero eta beharrezkoagoa» da indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak antolatzea.

Proposamen politikoaren inguruan, hizlariek azaldu zuten lau puntutan oinarritzen dela: «Emakume langileon babesa antolatzea; erasoen aurrean, erantzutea; indarkeria matxista normalizatzen duen industria borrokatzea; eta indarkeria matxista amaitzeko antolakuntza politikoa garatzea eta indartzea». Horrez gain, «sakondu nahi dutenentzat» proposamena haien web orrialdean eskuragarri dagoela ere aipatu zuten.

Hori horrela, inauterietarako protokoloa azalduz amaitu zuten saioa: «Nahiko genuke inongo erasorik ez gertatzea, baina badakigu festa giroan areagotu egiten direla halakoak. Horiei aurre egiteko beharrezkoa ikusten dugu tresna eraginkorrak antolatzea». Aurreko urteetan ere antolatu izan dute protokoloa, eta «hainbat arlo» biltzen ditu oraingoan ere; kideen hitzetan: «Protokoloak bere barnean biltzen ditu aholkularitza juridikoa ematea, babes psikologikoa eskaintzea eta erasoaren aurrean salaketa publiko bat egitea».

Aipatutako protokoloa martxan jartzeko 672 957 995 telefono zenbakira deitu beharko da, eta antolatzaileek azaldu dutenez, erasoa jasan edo ikusi duen edonork dei lezake telefonora «unean bertan» zein «geroago».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!